Zallo hilerriko ordutegia zabalagoa izango da Domu Santu egunean
08:00etan zabalduko dute hilerria, eta 18:00etara bitartean bertaratu ahalko dira herritarrak.
Gernika-Lumoko Udalak Domu Santu egunerako neurriak hartu ditu. Egunotan Zallo hilerriko bisitari kopurua handituko dela kontuan hartuta, eta egungo osasun egoera aintzat hartuta, neurri zorrotzak ezarriko ditu udalak. Ohiko jarduera areagotuko dela ikusita, hilerriaren ordutegia zabalagoa izango da azaroaren 1ean.
Hori horrela, 08:00etan zabalduko dute hilerria, eta 18:00etara bitartean bertaratu ahalko dira herritarrak; urte guztian zehar 15:00etan ixten dute.
Horrez gain, osasun neurrien protokolo bat diseinatu du udalak, herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz: “Herritarrak modu mailakatuan hilerrira joan ahal izatea da helburua, ahal den neurrian behintzat. Horretarako, zenbait neurri zehaztu dituzte.
Hilerriaren edukiera kontrolatuko du udalak: “Edukiera gainditzea saihesteko, udalak momentu batez eten ahalko du pertsonen joan-etorria”.
Garbitasuneko, higieneko, desinfekzioko eta prebentzioko neurriak ere hartuko dituzte. Hilerriaren sarbideetan bisitarien eskura jarriko dituzte gel hidroalkoholikoa hartzeko gunea, eta birusa dela-eta hartu beharreko higiene eta segurtasun neurriei buruzko informazio kartelak banatuko dituzte.
Arau orokorrak. Gehienez sei pertsonako familia taldeetan bertaratzeko eskatu du udalak, eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, etxean geratzeko deia egin du: “Sukarra edo hotzikarak, eztula, aire falta, usaimen eta dastamenaren gutxitzea, eztarriko mina, muskuluetako mina, buruko mina edota ahulezia orokorra izanez gero, saihestu hilerrira joatea”.
Gainera, sei urtetik gorakoentzat maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela gogoratu dute udal agintariek, eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea errespetatzeko ere eskatu dute.
Ibilgailuak, gainera, egokitutako lekuetan aparkatu beharko dituzte bertaratzen direnek.
Neurri guzti horiek “egoeraren bilakaeraren” menpe daudela zehaztu dute udal agintariek, eta Jaurlaritzak ezartzen dituen jarraibideei egokituko zizkie.