'Txikito'-ri babesa adierazteko elkarretaratzea egingo dute Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko Merkurion jarri dute hitzordua, 20:00etan.
Iñaki Bilbao Goikoetxea Txikito euskal preso politikoari babesa adierazi eta informazioa emateko elkarretaratzea deitu du biharko Busturialdeko amnistiaren eta errepresioaren aurkako mugimenduak. Gernika-Lumoko Merkurion jarri dute hitzordua, 20:00etan.
Bilbaok 50 egun daramatza gose eta komunikazio greban. Euskal presoek jasaten dituzten muturreko baldintzak salatzeko greba da euskal presoa egiten ari dena. Muturreko baldintza horiek “jasan ezinak” direla salatzeko egingo dute elkarretaratzea.
Urterik gehien daraman euskal preso politikoa dela zehaztu du Askatasun Haizea herri ekimenak; 36 urtetik gora daramatza espetxealdi ezberdinetan. “Isolamenduan, bisitetan kateatuta, inongo eskubiderik barik… Borrokarako eskubidea ere ez diote onartzen”. Hori horrela, herritarrak deitzen dituzte ekimenean parte hartzera.