LABek Laminados Losal enpresan izan den istripu "larria" salatu du
Istripua salatzeko elkarretaratzea deitu du LABek barikurako; 11:00etan enpresaren aurrean jarri du hitzordua.
LAB sindikatuak joan den zapatuan [urriak 24] Gernika-Lumoko Laminados Losal SL enpresan gertatutako “istripu larria” salatu du. Sindikatuko ordezkariek zehaztu dutenez, langilea “ordu gehigarriak” egiten ari zela gertatu zen istripua, aste osoan lan egin ondorengo lan jardunaldi gehigarrietan. Istripua salatzeko elkarretaratzea egingo dute barikuan, 11:00etan, enpresaren aurrean.
Lan jardun luzeek istripuak eragiten dituztela diote sindikatuko kideek, eta produktibitatea “langileen bizitzaren aurrean lehenesteak” heriotzak dakartzala uste dute. Hori salatzeko herritarrei elkarteratzean parte hartzeko deia egin diete.
Izan ere, Laminados Losal enpresako istripua asteko lan jardunaldi arautuaren “ordu gehigarrietan” izan zela jakinarazi dute: “Langile batek bizia galtzeko moduko istripua izan zen. Hain justu, enpresa barruan zaintza eta langile kopuru nahikorik ez zegoen momentuan”.
Gainera, salatu dutenez, enpresak lan poltsaren erabilpen “arautu bakoa egiten” du: “Gutxi balitz aste osoko lanaldia egitea, zapatuan ere lanera bidaltzen ditu langileak. Enpresa zuzendaritzak asteko lan jardunaldi arautua kontuan izan beharrean, zapatuan ere langileek lan egitea errazten du, diru trukez. Beste era batera esanda, lan poltsaren erabilpen arautu bakoa martxan dago beti Losal enpresan”.
Zehaztutakoak baino ordu gehiagotan lan egite horrek arriskuak “areagotzen” dituela diote: “Presaka lan egiteak, produkzioarekiko betebeharrak… arriskuak dakartzate. LABetik beti esan izan dugu prekarietateak, lanordu arautu gabeak edota lan jardunaldi gehigarriak guztiz arriskutsuak direla, besteren batean ere istripuak gertatu izan direlako”.
Erantzukizuna. LAB sindikatuko kideek erantzukizunak eskatu dituzte: “Orain zer egingo du enpresak? Istripua izkutatu jendartearen aurrean? Onartu du bere akatsa izan dela? Betiko moduan galdera gehiegi daude erantzunik barik. Eta administrazioak zer egingo du? Lan ikuskaritzak zer egingo du? Arau-hauste guztiak bertan behera utziko ditu? Eta zer eskainiko dio langileari?”. Hori esanda, prekarietateak “langileak hiltzen” dituela azaldu dute LAB sindikatuko ordezkariek.