Saio beroa bezain segurua
Oztopoak oztopo, Urriko Azken Astelehenaren bezperako bertso saioa egin zuten domekan. Sei bertsolari igo ziren Lizeo Antzokiaren oholtza gainera, mugatutako publikoari behar bezalako saioa eskainiz.
Laugarrena izan da, eta aforoa mugatuta eduki arren, besteen besteko arrakastatsua. Urriko Azken Astelehenaren aurreko bertso saioa egin zuten domekan, Lizeo Antzokian. Lilibertsoko kidea den Ander Elortegik azaldu legez, 120 entzule ingururentzat lekua baino ez zen izan, «eta saiora joan gura zuten asko sarrerarik gabe geratu ziren». Izan ere, sarrerak saltzen ipini eta ordu erdira bukatu egin ziren. «Saltzen hasi orduko jende ilara sortu zen Lizeo antzokiaren parean».
Ibon Ajuriagojeaskoa, Igor Elortza, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze igo ziren Lizeo antzokiaren oholtza gainera. Udan auditorioan egiten duten saioa bertan behera geratu zen, eta han kantatu behar zuten lau bertsolariak ekartzea pentsatu zuten; gero, haiei beste bi gehitu zaizkie: «kartel ona eduki dugu, eta ez zaigu batere kostatu jendea erakartzea».
Bi ordu luze iraun zuen saioak, eta publikoan hutsuneak ikusi arren, txalo zaparradak jaso eta berotasuna igarri zuten bertsolariek.
Egitasmoari eutsi. Egoera dela eta, saioa hasi aurretik eta saioan zehar beharrezko neurriak haartu zituzten. Gainera, jendeak ere ondo erantzun zuen, kasu eginez.
Elortegik esan bezala, errezena ezer ez egitea litzateke: «Protokoloak, pegak eta saioa egingo den ezjakintasunarekin antolatu behar da, eta, gero, egiten ez bada, aurreratutako dirua berreskuratzerik ez dago». Hala ere, saioarekin aurrera egitea erabaki zuten, eta ondo atera da. Aurrerantzean ere, egitasmoarekin jarraitzea da Lilibertsoren asmoa, eta Gabonak orduko Iparragirren beste saio bat egiteko asmoa dute: «Kultura segurua dela ikusi dugu».