Mendizorrotzan bai
Lointek Gernika Bizkaiak Araskiren kantxan lortu du etxetik kanpoko ligako lehen garaipena.
Malostetik kanpoko lehorteagaz amaitu du Lointek Gernika Bizkaiak. Ligaren 7. jardunaldian ailegatu da etxetik kanpoko lehen garaipena. Zapatuan 54-60 irabazi zuen talde gernikarrak.
Harmailetako girorik barik, hasiera hotza izan zuen neurketak, baina emozioz betetako amaiera. Euskal derbietan ohikoa den intentsitatea falta izan zen hasierako jokaldietan. Lointeketik Angie Bjorklundek eta Roso Buchek beregain hartu zuten erantzukizuna, eta Araskikoen artean Laura Quevedo nabarmendu zen. 2-6 aurreratu zen talde gernikarra, baina 10-0ko partzialagaz markagailua irauli zuen etxeko taldeak, eta Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak hutsartea eskatu zuen. Saskiratzeko arazoak zituen Lointekek. Ia kontraerasoko jokaldirik barik, erritmo geldoagaz hasi zen derbia, eta etxekoak erosoago zeuden. Hamar puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (20-10).
Aurkarien erasoa geldiarazteko helburuagaz jokatu zuten bi taldeek, eta Araskik ondo asmatu zuen. Lointekekoak euren joko arina topatu ezinik egon ziren. Etxekoen zonakako defensak erabat oztopatu zien. Egoera horretatik irten beharra zeukaten, eta horretarako, beste behin, Belen Arrojo andaluziarra giltzarria izan zen. Araskik bigarren laurdenean lortu zuen partiduko errenta handiena (30-18), eta horren aurrean, Lopezek neurketa geratu zuen. Hamar puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira (32-22). Erreakzionatu beharra zegoen, eta bigarren zatirako asmoa defentsatik haztea zen. Bigarren laurdeneko azken jokaldien Araskiko Tamara Abaldek min hartu zuen, eta atsedenalditik bueltan, barruko jokoan ahulago ikusi zen etxeko taldea. 0-7ko partziala egin zuen Lointekek. Araskik ia lau minutu behar izan zituen saskiratze bat egiteko. Hirugarren laurdenean, bi bider puntu bakarrera jarri zen Lointek, baina ez zuen lortu markagailua iraultzea.
40-39ko markagailuagaz emozio biziko azken laurdena aurreikusi zitekeen, eta horrela izan zen. Maria Asurmendiren hirukoak arnas apur bat eman zion Araskiri, baina pozak ez zien asko iraun. Bjorklunderen hirukoagaz kolpea eman zuen Lointekek. Buchen jaurtiketa libreagaz aurretik jarri zen talde gernikarra. Segituan, hirukoen txanda izan zen. Bjorklundek, Asurmendik eta Laura Corneliusek bana sartu zuten, eta azken horren eta Margaret Roundtreeren saskiratzeekin neurketa erabakita geratu zen.
Etzi, etxean. Aste honetan ere bi jardunaldi lehiatuko dituzte Emakumezkoen Ligaren taldeek. Lointek Gernika Bizkaiak Quesos El Pastor hartuko du Malosten, eguaztenean [urriak 28]; 20:00etan hasiko da partidua. Zapatuan, berriz, Salamancan ariko da, Perfumerias Avenida liderraren kontra (20:00).