Herrietatik ateratzeko debekua ezarri du Eusko Jaurlaritzak
Etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara izango da, eta gune pribatu eta publikoetan gehienez 6 pertsona elkartu ahalko dira.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri berri ditu Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarako neurri murriztaile gehiago. Konfinamendua ezartzea erabaki du LABI babes zibileko planaren aholku batzordeak. Gaurtik aurrera [urriak 26], beraz, ezin izango da Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik irten lan, osasun arrazoi edo larrialdiagatik ez baldin bada.
Osagarri gisa, pertsonek bizilekua finkatuta duten udalerriko mugetatik irtetzea edo beste udalerrietan sartzea ere mugatu dute. Hori da neurririk berriena eta zorrotzena, eta herritarren mugimendua gehien mugatuko duena. Norbere herritik, lan, osasun, ikasketa edo zaintza arrazoiengatik soilik irten ahalko da.
Mugakide diren herrietara joateko baimena ere egongo da, jarduera sozioekonomikoak egiteko.
Pertsona taldeak espazio publiko eta pribatuetan egoteko muga ezarri dute baita. Horrela, erabilera publikoko espazioetan edo erabilera pribatuko espazioetan gehienez ere 6 pertsona egon beharko dira, familiako kideak izatea izango da salbuespena.
Etxeratze agindua 23:00etatik 06:00ak artean ezarriko du Jaurlaritzak, Espainiako gobernuak proposatutako tarte horretan.
Azkenik, dekretu horrek ezartzen du aldez aurretik hartutako neurri guztiak indarrean jarraituko dutela eta aplikatuko direla.