Basurdeek garaipenagaz hasi dute denboraldia
Gernika RTk nagusitasun osoz mendean hartu du Gaztedi, Urbietan.
Gernika Rugby Taldeak etxean, Urbietan, ekin dio 2020-2021 denboraldiari.Ohorezko B Mailako 1. jardunaldia atzo lehiatu zuen Gaztedi Rugby Taldearen kontra, eta 32-8 nagusitu zen talde gernikarra.
Zazpi hilabete beranduago errugbia bueltatu zen Urbietara. Denboraldiko lehen partiduak konplexuak izan ohi dira beti, eta are gehiago jokalari batzuen joan-etorriak daudenean, eta heldu berriek informazio guztia bereganatu beharra daukatenean.
Hala ere, neurketa ezin hobeto hasi zen basurdeentzat. Lehen bost minutuetan markagailuan aurre hartzea lortu zuten. Bigarren minutuan Estanislao Renthel argentinarrak zigor-ostiko batez baliatuz, markagailuan 3-0ekoa jarri zuen, eta pare bat minutu beranduago, Peio Urrutiak partidako lehen entsegua lortu zuen etxekoentzat. Hurrengo minutuetan nolabaiteko deskonexio edo kontzentrazio falta sumatu zen etxeko taldean, eta lehen zatiaren erdia jokatuta zegoenean, Gaztedik entsegu batekin markagailuan hurbiltzea lortu zuen. 13-8ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Etxeko taldeak erakutsi nahi duen jokoa ezartzea lortu zuen berriro ere bigarren zatian. Hasi eta bost bat minutura ailegatu zen bere bigarren entsegua Andoni Martinen eskutik. Hamar minutu beranduago, Eneko Gorostizak lortu zuen Gernika RTren hirugarrena. Neurketan zehar, etxeko taldeak nahi baino zigor-ostiko gehiago eskaini zizkion aurkariari, baina Gaztedik ez zuen horiek markagailuan islatzea lortu. Norgehiagoka amaitzeko hamar bat minutu falta zirenean, Estanislao Renthel basurdeak partiduko laugarren eta azken entsegua egin zuen; bonus puntua eskuratzea ekarri zuen entsegua izan zen.
Garaipenagaz pozik, Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak irakurketa baikorra egin du: “Denboraldiko lehen partidua zenez, zelan irtengo zenaren kezka geneukan, eta apur bat urduri egon ginen”. Partidua oso ondo hasi zutela azpimarratu du: “Lehenengo minutuetan gure jokoa egin genuen, baina gero, apur bat erlaxatu edo intentsitatea jaitsi genuen. Orduan, eurak gorantza etorri ziren. Bigarren zatirako erdialdean gauza batzuk konpondu genituen. Jokalari batzuk sartu, eta intentsitate gehiagogaz sartu ginen bigarren zatian”.
Hurrengoa ere etxean. Atzo bost puntu lortuta, Gernika Rugby Taldeak Zarautz Rugby Elkartea izango du aukari 2. jardunaldian. Urbietan jokatuko dute zapatuan [urriak 31], 16:00etatik aurrera. Hain zuzen, Zarautzen jokatzekoa zen partidua, baina hango zelaiaren arazoengatik Urbietara lekualdatu dute.
Talde zarauztarrak Uribealdea RKE garaitu du 1. jardunaldian (17-23). Maidaganen berbetan, denboraldi osoan “euren indarra” atera behar dute etxean. “Ez daukagu besterik; etxeko partiduak irabazi egin behar ditugu. Partidu guztiak dira desberdinak, eta behar egiten jarraitu behar dugu. Gure arazo handiena momentuz geu gara. Oraindik ez daukagu dena ondo kontrolatuta. Gure gauzak konponduta, zelaian gauzak zelan egiten ditugun ikusi behar dugu”.