Putzu bat sortu, bertako landareak landatu eta inbaditzaileak kenduko dituzte asteburuan, Undabason
Asteburuko landaketetan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute.
Lurgaiak jardunaldi bikoitza antolatu du astebururako Undabason. Putzu berri bat sortuko dute, “hainbat anfibio espezieren onerako” eta landare autoktonoak landatuko dituzte: haritzak, urkiak eta gorostiak, esaterako. Halaber, espezie exotiko inbaditzaileak kenduko dituzte, “ekosistemarentzat kaltegarriak direlako”.
Dagoeneko 10 urte baino gehiago daramatzate Undabason bertako basoa berreskuratzeko lanean, “biodibertsitateari laguntzeko eta ondare naturala berreskuratzeko”. Hain zuzen, 120 hektarea baino gehiago dituzte lehenegoratze prozesuan, eta horretan jarraituko dute.
Asteburuko landaketetan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzita. Ohi legez, bertaratuko direnen izen-abizenak eta adina zehaztu beharko dira mezuan, baita jatorrizko udalerria zein den esan eta mugikorraren zenbaki bat eman ere. Oraingoan, gainera, zein egunetan parte hartuko duten jakinarazi beharko dute. Zehaztu dutenez, 16 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu ahal izango dute, “osasun-egoera honek irauten duen bitartean”.