Martxan dago 2021ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa
Artia gaia jarri dute aurten, eta azaroaren 30era arte (12:00ak baino lehen) jasoko dituzte argazkiak.
Gautegiz Arteagako Udalak 2021eko egutegia egiteko argazki lehiaketa jarri du martxan. Artia gaia jarri dute aurten, eta azaroaren 30era arte (12:00ak baino lehen) jasoko dituzte argazkiak.
Hori horrela, herritarrek udalerriari buruzko argazkiak bidali beharko dituzte; udalerriagaz, herriko paisaiagaz, kirolagaz, baserriekin, arteagaz edota eraikine zerikusia dutenak. Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez, aurretik argitaratu gabekoak. “Aurkeztutako lanak ezin dira aldez aurretik aldizkari, egunkari edo liburu inprimatuetan edo online argitaratuta egon”, zehaztu dute.
Argazkiak formatu elektronikoan edo formatu fisikoan aurkeztu ahal izango dira, eta jabeek lehiaketa amaitutakoan jasoko dituztela jakinarazi dute arduradunek. Azaldu dutenez, argazkietan norbait agertuz gero, egileak bere baimena izan beharko du argazkia lehiaketan aurkezteko. Herritarrek udaletxean utzi edo posta arruntez (Herriko Enparantza 1, Gautegiz Arteaga, 48314) edo posta elektronikoz (udala.gautegiz@bizkaia.org) bidali behar dituzte argazkiak.
Juan Felix Naberan alkateak lehiaketan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Izan ere, sormena sustatzeko eta familian edo lagun artean gozatzeko aukera ematen duen ekimena dela dio: “Garai berezi honetan, kontuz eta arduraz jokatu behar dugu. Gizarte eta aisialdi jarduera asko mugatuta daude, baina argazki lehiaketa hau aire zabalean egin daiteke. Adingabeek ere parte har dezakete baimenagaz, eta, beraz, familian edo lagunekin jolasteko ekimen interesgarria eta dibertigarria da”. Etxetik ateratzeko eta herria irudikatzeko aitzakia ona dela dio alkateak, baita herriko txoko berezienak ezagutzeko aukera ere.
Jasotako argazkien artetik hamabi aukeratuko dituzte egutegirako, hilabete bakoitzeko bana. Abenduaren 18an banatuko dituzte sariak, Kultur Etxean, eta lehiaketagaz zerikusia daukan sari bana jasoko dute irabazleek. Gainera, erakusketa ere jarriko dutela aurreratu dute.