Udaleko agenda kulturala biltzen duen webgunea sortu du kultur etxeak
Atariak udaleko kultur agenda osoa biltzen du, programazio ugari dauka eta irisgarri eta parte-hartzailea da. Ikuskizunetarako sarrerak ere webgunean eskuratu daitezke.
Kultura Gernika-Lumo izeneko webgune berriak udaleko kultur jardueraren agenda osoa biltzen du. Hain zuzen, Gernika-Lumoko kultur etxeak eta tokiko kultura eragileek antolatutako kultura ekimen guztiak bilduko dituzte bertan.
Jokin Garatea udaleko kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “Gernika-Lumoko kultura-eskaintza oso zabala eta askotarikoa da. Horren erakusgarri dira egiten diren erakusketak, tailerrak, arte eszenikoko ikuskizunak, eta, oro har, kultur etxeak dituen proiektuak eta programak”. Eskaintza hori, “batzuetan”, oharkabean pasatzen dela dio zinegotziak, eta hori herritarrei zuzendutako komunikazio-mekanismo egonkor eta zentralizaturik ez dagoelako gertatzen dela uste du.
Horregatik sortu dute webgune berria, eta udal arduradunek zehaztu dutenez, herritarrentzako tresna erabilgarria bihurtu gura dute.
Hain zuzen, atari digital berrian liburutegiko, Segundo Olaeta Musika Eskolako, Gazteentzako Informazio Bulegoko, Lizeo Antzokiko, Elai Alaiko eta Kultur Etxeko erakusgelako informazioa eskuratu ahal izango da. Horrez gain, hasierako orrian arlo bakoitzeko ekitaldi adierazgarrienak nabarmendu dituzte, eta udaleko sare sozialetako kontuetarako sarbideak ere jarri dituzte (twitter, Instagram, You Tube eta Facebook), “herritarrekin elkar eragiten jarraitzeko”.
Sarrerak online. Webgunean, gainera, ikuskizunetarako sarrerak online erosi ahalko dira. “Erabiltzaileei aukera ematen zaie modu zuzenagoan eta ordenatuagoan sartzeko udal espazio kulturaletan egiten diren ekitaldien sarreren erosketan, Kutxabanken bilaketa egin, edota txarteldegira joateko beharrik barik”, azaldu dute, baina aukera horiek ere mantenduko dituztela diote.