Astelehen bezperako bertso saiorako sarrerak bihar eskuratu ahalko dira Lizeo Antzokian
18:00etatik aurrera erosi ahalko dira.
Kultura “ezinbestekoa” dela arrazoi hartuta, urriko azken domekako bertso festa ospatzea erabaki dute Lilibertsoko kideek. Urriaren 25eko bertso saiorako sarrerak bihar eskuratu ahalko dira Lizeo Antzokiko leihatilan, 18:00etatik aurrera.
Sarrera mugatu beharra dago, eta, ondorioz, “arin ibiltzeko” eta “ulerkorrak izateko” eskatu dute arduradunek.
Lilibertsokoek Astelehen bezperako bertso saioa egin izan dute azken urteotan, Urriko Azken Astelehenaren aurreko egunean; iaz Jon Lopategi omendu zuten.
Ohi legez, aurten ere, lehen mailako bertsolariak gerturatuko dira udalerrira. Ibon Ajuriagojeaskoa, Igor Elortza, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan, eta Leire Garatxena edukiko dute gai jartzaile.