Zaintza eremuan sakontzeko espazioa sortu du Sare Feministak
Zaintza eremuko krisia areagotu egin da pandemia garaian, eta horri buruz hausnartzeko jardunaldiak antolatu ditu Gernika-Lumoko Sare Feministak.
“Pandemia garaian, bizi dugun zaintza eremuko krisia areagotu da, eta arlo askotan ditugun gabeziak inoiz baino ageriago geratu dira”. Pandemia garaian zaintza eremuko krisia areagotu egin dela oinarri hartuta, horri buruz hausnartzeko espazioa sortu du Gernika-Lumoko Sare Feministak.
Lau gai jorratuko dituzte: ume eta nerabeen zaintza emozionala; nagusien egoitzetako eta etxez etxeko langileen egoera eta baldintzak hobetzeko tresnak; osasun sistema publikoa orain, atzo eta bihar, eta zaintza ereduen proposamenak. “Badakigu ez daudela gai denak, baina uste dugu azken hilabeteetan krisiak bereziki eragina izan duela proposatu ditugun arlo hauetan”, azaldu dute.
Saioak urriaren 13an, 15ean, 20an eta 22an izango dira Elai Alai aretoan, 18:00etatik 19:30era bitartean. Leku mugatuak egongo dira aforoa bete arte, baina saioak Gernika-Lumoko Sare Feministaren instagrametik zuzenean jarraitu ahalko direla zehaztu dute arduradunek.
Ume eta nerabeen zaintza emozionala jorratuko duen saioagaz hasiko dituzte jardunaldiak. Umeen ahotsari garrantzia eman gura diote, eta ezinbestekoa iruditu zaie espazio horri lekua egitea. Nahia Idoiaga psikologian doktoreak eta Isabel Canales Osakidetzako Lehen Arretako Pediatrak hartuko dute parte jardunaldian. Bertan, Idoiagak konfinamenduan burututako ikerketa izango dute ardatz: umeen emozioak biltzeko saiakera egin zuen eta udalerriko ume askok parte hartu zuten. Gazteen ahotsei, pediatra baten begirada gehituko diote.
Zaintzaileak zaintzen. Egoitza eta etxez etxeko langileen egoera “bereziki larria” dela arrazoi hartuta, bi esparrutik landuko dute gaia: zahartzean dagoen zaintza eredua erdigunean jarrita alde batetik, eta langileak erdigunean jarrita bestetik.
“Sare feministan zaharren egoitzetako sektore feminizatu eta baliabide prekarioen testigantza zuzenak jaso ditugu pandemian zehar. Horregatik, langileak erdigunean jarri eta eurentzat interesgarriak izan daitezkeen baliabide eta tresnak eskaintzea pentsatu dugu”. Hori dela eta, egoitzetako zaintzaren errealitatearen berri emango duen Trabajadoras No Domestikadas taldeko kide bat bertaratuko da Elai Alai areto txikira, eta beragaz egongo da Oskar de Los Bueis LABeko Soziokomunitario arloko arduraduna. Berak langileen eskubideez, hitzarmenez, lan ordutegiez edota ratioez berba egingo du.
Beste aztergaietako bat Osasun Sistema Publikoko Lehen Arreta zerbitzua izango da. Urriaren 20an lehen arretaren garrantziaz berba egingo dute eta bere ahuleziak nola gailendu daitezkeen hausnartuko dute Maria Aranburu eta Irati Kartzegaz; Osakidetzako familia medikua eta erizaina dira hurrenez hurren.
Zaintza ereduak dituen gabeziak aztertu eta gero, etorkizuneko zaintzari buruz hausnartuko dute azken jardunaldian: “Zer nolako zaintza eredua garatu nahiko genukeen eztabaidatuko dugu”. Horretarako, Euskal Herriko egoitzen egoera aztertuko dute, eta zaintza eredu desberdinak landuko dituzte, “arkitekturak arlo horretan duen eragina aipatuz”. Pentsiodunek ere, azken boladan egin duten azterketa partekatuko dute. Saioan egongo dira Irati Mogollon Arquitecturas del Cuidado taldeko kidea, Bego Landa neuropsikologoa eta pentsioduna, eta Arantza Urkaregi matematikaria eta pentsioduna.