Urbietako harmaila eraisten hasi dira
Legez kanpo eraikitako harmaila kentzeko 38.478 euro ordainduko dituzte. Hego zelai futbol zeilako lanak eta frontoiko teilatua berriztatzearenak ere hasiko dira asteon.
Urbietako futbol zelai nagusian legez kanpo eraikitako harmaila eraisten hasiak dira, Kostako agintariek hala eskatuta. Horretarako, administrazioak 38.478 euro ordainduko ditu.
Duela 14 urte legez kanpo eraiki zuten harmaila da, eta Uraren Euskal Agentziak (URA) urte luzez eskatu dio Gernika-Lumoko Udalari hori eraisteko. Harmaila ez da inoiz erabilgarri egon, baimen faltagatik bukatu gabe egon delako. Behin harmaila botatzen dutenean gune hori hutsik geratuko dela esan du alkateak: “Oinezkoentzako bidea izaten jarraituko du, eta ibilgailuak ezin izango dira bertatik pasatu”.
Zorua berdindu. Hego zelai futbol zeilako lanak ere hasiko dira asteon, zorua berdintzeko eta belar artifiziala berritzeko helburuagaz. Futbol zeilako zorua egoera “kaxkarrean” dagoela salatu dute behin baino gehiagotan bertan jokatzen duten taldeek, eta eskaera horiei erantzunez, zorua leundu eta parekatuko dute: “Euriteek gora beherak eragin dituzte hego zelaian, eta euria egiten duenean uholdeak sortzen dira”. Zelaia parekatu ostean, belar artifizial berria ere jarriko diote, orain dagoena zaharkituta geratu delako, eta kirolarien segurtasuna bermatzeko. Lan horiek egiteak 343.840 euroko aurrekontua edukiko du.
Frontoiko teilatua. Era berean, hilabetea amaitu baino lehen, Urbietako frontoietako metalezko teilatu osoa eraberritzeko obrak hasiko dira. Urbietako frontoien teilatuaren egoera “ona” den arren, zenbait itogin dauzka, eta kirolarien segurtasuna bermatu asmoz, hobekuntzak egingo ditu udalak. Erreforma horrek 159.077,71 euroko kostua izango du.