Ez dira egingo urriko lehen eta azken astelehenetako azokak
Pandemiak eraginda, eta herritarren segurtasuna bermatu asmoz hartu dute erabakia.
Urriko Lehenengo eta Azken Astelehenetako abeltzaintza eta nekazaritza azokak bertan behera geratu dira, koronabirusaren ondorioz.
Pandemiak eraginda, eta herritarren segurtasuna bermatu asmoz hartu dute erabakia. Hori horrela, ez da ohiko jendetza batuko hilaren 5ean eta 26an udalerrian; iaz, esaterako, 110.000 pertsona bildu zituen Urriko Azken Astelehenak. “Aurten herriak ez ditu ospatuko Bizkai, Araba eta Gipuzkoako azoken egutegiko bi azoka garrantzitsu eta jendetsuenak, osasun krisiagatik izan ez balitz ospatuko zirenak”, azaldu dute arduradunek.
Bi azokak duela 650 urte baino gehiago sortu ziren, eta hiribilduak jai egun bi horiek ospatzeko eskubidea izan du. Urteak joan ahala, gainera, gero eta garrantzi handiagoa hartu dutela diote udal ordezkariek. Hain zuzen, zehaztu dutenez, 36ko Gerrak bakarrik lortu zuen lehen sektoreko bi azoka esanguratsu horiek bertan behera uztea.