Astra urriaren 1ean zabalduko dute
Astra Iluntzeak kontzertu zikloan atzeratutako bi emanaldien datak zehaztu dituzte. Urriaren 17an eta 23an, Myotones eta Sound Ryders Ska Reaggae taldeen doinuak entzungo dira fabrika sozialean.
Eraikina desinfektatuta, urriaren 1ean zabalduko dute Astra. Horretarako, elkarlanean, kulturarako fabrika soziala desinfektatu zuten zapatuan: “Denona denon artean garbitu dugu. Astrako desinfekzioa egiteko batu gara hainbat lagun, Astraren irekiera arduratsu eta segurua bermatzeko”.
Protokoloa ere zehaztu dute, eta Astra zabaltzeko prest dago. “Indarberrituta” hasiko dute kurtsoa, kultura seguruaren aldeko apustua egiten, “kultura txikitik eta autogestioz”. Hori horrela, uztailaren 1ean hasi zen Astra Iluntzeak kontzertu saioari bukaera emango diote. Azken bi iluntzeak atzeratu behar izan zituzten, Myotones eta Sound Ryders Ska Reaggae taldeen kontzertuak hain zuzen. Atzeratutako bi emanaldi horientzako datak, baina, zehaztu dituzte dagoenerako.
Urriaren 17an, zapatuan, Myotones bikote gernikarrak girotuko du iluntzea. Konfinamenduan argitaratu zuten lehenengo EPa, eta egindako lana taula gainean erakusteko aukera izango dute Astran; euren lehenengo zuzeneko kontzertua eskainiko dute. “Ohore handia da guretzat, gora euskal psikodelia”, adierazi dute antolatzaileek.
Sound Ryders Ska Reaggae Bakioko taldearen doinuak urriaren 23an entzun ahalko dira kulturarako fabrika sozialean. “Jamaikako doinu eta erritmoak ekarriko dizkigute udazken hasierari Rasta kutsua emateko”.
Bi kontzertuak 20:00etan hasiko dira, eta sarrera mugatua izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Hori horrela, sarrerak aurretiaz erosteko gomendatu dute. Horiek Astra egongo dira eskuragarri. Astra iluntze guztietan legez, jatekoa eta edatekoa egongo da.