Ostalariei eta autonomoei zuzendutako diru laguntzak banatu ditu Arratzuko Udalak
Diru laguntzaren helburua da laguntza ekonomikoak ematea ostalaritzako establezimenduei, bai eta jarduera eta zerga egoitza Arratzun duten autonomoei ere, "COVID-19ren bilakaeraren ondoriozko egoerak arintzeko".
Arratzuko Udalak COVID-19ak kaltetu dituen ostalaritza establezimendu eta autonomoei zuzendutako diru laguntzak onartu ditu. Diru laguntzaren helburua da laguntza ekonomikoak ematea ostalaritzako establezimenduei, bai eta jarduera eta zerga egoitza Arratzun duten autonomoei ere, “COVID-19ren bilakaeraren ondoriozko egoerak arintzeko”.
Laguntza horiek emateko diru saila 5.000 eurokoa dela zehaztu dute udal arduradunek. Osasun krisiaren ondorioz kaltetuak izan direnentzako dira, establezimenduak ixtea edota jarduera eteteak eragindako gastuei eta galerei aurre egin ahal izateko: “Alarma egoerak establezimendu itxiera eragin edota enpresaren jarduerak fakturazio murrizketa izan badu eskatu ahalko dituzte udalean, gutxienez %75ekoa galerak izan badituzte, egoera deklaratu aurreko urtean egindako batez bestekoagaz alderatuta”.
Ostalaritza establezimendu edo establezimendu autonomo bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 1.000 eurokoa da. Diru saila dauden eskaera guztiei erantzuteko nahikoa ez bada, proportzioan banatuko dela zehaztu dute. Zuzeneko laguntzak dira, krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko eta udalerriko jarduera ekonomikoa mantentzea eta garatzea lehentasunezkoa delako.
Deialdian ematen diren diru laguntzak bateragarriak direla helburu bererako ematen diren beste diru-laguntza batzuekaz zehaztu dute, “betiere COVID-19k sortutako galera baino diru-laguntza gehiago jasotzen ez bada”.