Eskola Kirola irailaren 28an hasiko da
Egoera epidemiologikoak hobera egin ahala, berriz ere lehiaketak hastea aztertuko dute, baina ordura arte ezin izango da partidarik ezta txapelketarik jokatu, ez eta “lagunartekorik” ere.
Eskola Kirola irailaren 28an hasiko da. Hori baieztatu du gaur Lorea Bilbao Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak. Esan duenez, izena emateko ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitateek ekin ahal izango diete entrenamenduei. Gainera, ez dela lehiaketarik egongo, eta entrenamenduetan kontaktu fisikoa murriztuko dela adierazi du: “Entrenamenduak ikuslerik gabe egingo dira, eta egoera epidemiologikoak hobera egin ezean, ez da lehiaketarik izango”.
Hori horrela, hasieran entrenamenduak baino ez dira egingo: “Gure ustez taldea babesteko modurik onena da hori. Izan ere, entrenamenduak erraz kontrolatzeko moduko kirol-jarduerak dira, baina ezinbestekoa da taldeak ez nahastea”. Egoera epidemiologikoak hobera egiten badu, baina, berriz ere lehiaketei ekiteko aukera aztertuko dela jakinarazi du. Nolanahi ere, egoera hobetu bitartean ezin izango da partidarik, txapelketarik ez antzekorik jokatu, ez eta “lagunartekoak” ere. Halaber, ezin izango da egin hastapen-ikastarorik ez hobekuntza-ikastarorik.
Hala ere, entrenamenduak hasiko dira, eta gaur egungo egoera berezia kontutan hartuta, neurri batzuk zehaztu dituzte. Ahal dela, entrenamendu fisikoak kanpoan egin beharko dira, eta taldeetako kideen kopurua ezingo da izan aldi bakoitzean ezarritako gehienekoa baino handiagoa. “Hasieran kirolariak banaka entrenatuko dira, batez ere prestakuntza fisikoa eta lesioen prebentzioa; gero, gutxika-gutxika, talde txikietan edo postuka entrenatuko dira, eta azkenean talde osoa batu ahal izango da (talde-kiroletan)”, azaldu dute. “Ahal dela”, kirol-jardunean gutxieneko segurtasun-distantzia mantendu beharko da, kirolarien arteko kontaktua nahitaezkoa denean izan ezik.
Kirol jardunean izan ezik, maskara jarrita eduki beharko da, eta aldagelak ezingo dira erabili. Entrenamenduetako txanden artean instalazioak garbitu eta desinfektatu egin beharko dituzte, eta erabilitako kirol materialak ere garbitu beharko dira. Zehaztu dutenez, entrenamenduak ikuslerik barik egingo dira.
Umeek Eskola Kirolean parte hartu gura badute, programan izena emateko epea abenduaren 23ra arte luzatu dute.
Atzeratzearen arrazoiak. Gaurko agerraldian foru diputatuak azpimarratu du Eskola Kirola ez dela bertan behera utzi: “Eusko Jaurlaritzaren eskaera aintzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak abuztu amaieran erabaki zuen Eskola Kirolaren hasiera atzeratzea. Hiru foru aldundiek onartu genuen atzerapena”.
Hori horrela, programaren hasiera atzeratzeko bi arrazoiak nabarmendu ditu: “Ikasturte berriaren hasiera leuntzea eta erraztea izan zen arrazoietako bat, sei hilabete eskolatik kanpo eman ondoren. Bestea, berriz, Eskola Kirolan parte hartzen duten entitateei jarduerak prestatzeko astia ematea izan zen”. Hori dela eta, abuztuan Eskola Kirolaren Euskal Batzordean arautegi orokorra adostu zuten Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek. Arautegi hori oinarritzat hartuta, Eskola Kirolaren antolakuntzan parte hartzen duten entitate guztiek bete beharreko jardun-protokoloa prestatu zen.