Duintasuna elikatzeko deia egin du Zaporeak elkarteak
Janari bilketa egingo du asteon. Gernika-Lumoko bost leku egokituko dituzte bilketak egiteko, eta herritarrek horietan utzi beharko dute janaria.
Lesbos uharteko asilo eskatzaileei jana prestatzen dien Zaporeak elkarteari laguntzeko janari bilketa egingo dute asteon, Gernika-Lumon.
Zaporeak irabazi asmorik gabeko elkarteak Lesbos uharteko Moria kanpamenduan (Grezian) bizi diren migratzaileentzat janaria prestatzen du, eta egunero 2.000 otordu eskaintzen ditu. Larrialdi egoeran egon dira, baina larrialdia areagotu egin zen irailaren 9an. Gauerdian sua piztu zen Morian, eta Zaporeak elkartekoek jakinarazi dutenez, geroztik 14.036 pertsona daude errepidean lo, janaririk eta urik barik. “Larrialdiari aurre egiteko otorduak bikoiztu ditugu eta horretarako janari bilketa erraldoia egingo dugu errefuxiatuak elikatzen jarraitu ahal izateko”, azaldu dute.
Bilketa erraldoia gauzatuko den herrietako bat izango da Gernika, eta herritarrei laguntzeko deia egin diete: “Zu ere mundua aldatzen diharduen menuaren bizigarri izan zaitezke. Lagun gaitzazu laguntzen”.
Hori horrela, beharrezko produktuen zerrenda egin dute, eta hauek dira elikagaiak: arroza luzea, garbantzuak, dilistak, babarrunak, makarroiak, curry-a edota komunino beltza eta zuria, atuna eta sardinak latan, olioa, ilarrak kontserban, esne hautsa eta barrita energetikoak.
Bost leku. Gernika-Lumoko bost leku egokituko dituzte bilketak egiteko, eta herritarrek horietan utzi beharko dute janaria. Eroskin (Txaporta) aste guztian zehar egingo dute bilketa, 09:00etatik 21:00etara bitartean. Udalerriko zenbait ikastetxek ere bat egin dute bilketagaz. Seber Altuben eta Allende Salazar herri ikastetxean gaur hasiko dira bilketagaz, eta barikura bitartean jasoko dute janaria, 08:30etik 17:00etara.
Astran, berriz, bihar, etzi eta barikuan utzi ahalko da janaria, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean. Lurgorriko parkean ere, bilketa egingo dute zapatuan. Hain zuzen, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara batuko dute jatekoa bertan.
Egoera “oso larria”. Lesbosen egoerak oso larria izaten jarraitzen duela diote elkartekoek: “Morian bizi ziren milaka pertsonak kalean jarraitzen dute oraindik, Greziako Gobernuak ebakuazioari uko egiten diolako, eta protestak egunez egun errepikatzen dira Kara Tepeko errepidean”. Gogoratu dute, gainera, errefuxiatuen artean haurrak, gazteak, adineko pertsonak eta haurdun dauden emakumeak daudela, “gerra batetik ihes egin eta itsasoa zeharkatuz aukera berrien bila etorri direnak”.