Muruetako Udalak frontoiaren araudia aldatu du
Erreserbak egin daitezke, eta txandak ordu batekoak izango dira. Erreserbarik ez baldin badago, frontoiaren erabilera librea izango da.
Erabiltzaileei “ahalik-eta zerbitzu zabalena eman asmoz”, Muruetako Udalak frontoiaren araudia aldatu du.
Aurrerantzean udal frontoia 09:00etatik 22:00etara erabili ahalko da. Erreserbak egin daitezke, eta txandak ordu batekoak izango dira. Erreserbarik ez baldin badago, frontoiaren erabilera librea izango dela azaldu dute udaletik. Erreserbak dauden kasuetan ere, udalak lehentasuna izango du. Hala bada, udalak aldez aurretik jakinaraziko die erreserba daukatenei; “jarduera egingo dela eta zein izango den ordutegia”.
Erreserbak udaletxean egin beharko dira, gutxienez, bi egun lehenago. Frontoiko iragarki taulan iragarritako egunak, hala ere, auzotarrentzat eta herriko elkarteentzat gordeta egongo dira.
Ordu erdiko euro bat ordaindu beharko da. Argiak erabiltzeko prezioa ere berdina izango dela jakinarazi dute. Muruetarrek, hala ere, doan erabili ahal dute frontoia.
Debekatuta dago frontoian zestara edo larruzko paletara jolastea.