Iazko lepotik burua
Iaz modura, gizonetan Hondarribia eta emakumeetan Orio nagusitu dira Kontxako Banderan. Atzoko estropadan laugarren sailkatu zen Bermeo Urdaibai, eta sailkapen orokorrean, ostera, bosgarren.
Iazko irabazleak utzi ditu aurtengo Kontxako banderak. Gizonezkoetan Hondarribiak eta emakumezkoetan Oriok irabazi dute bandera preziatua. Ez da ezustekorik egon oraingoan. Lehen jardunaldian modura, atzo ere azkarrenak izan ziren.
Bermeo Urdaibai bosgarren geratu da aurten. Atzo lehen txandako denborarik onena egin zuen (19:52.70), eta laugarren sailkatu zen. Bigarren luze ikusgarria egin zuten Bou Bizkaiako arraunlariek. Lanean hastean, 3. kaletik, Donostiarrak hartu zuen estropada burua, eta ziabogan bost segundoko errenta zeukan Urdaibairekiko. Baina, poparian aurrea hartu zuen Bermeoko taldeak, eta amaieran bost segundo eta 48 ehuneneko aldea atera zion etxeko taldeari.
Lehen jardunaldian bosgarrena izan zen talde bermeotarra, baina bi domeketako denborak batuta, bosgarren sailkatu da, Hondarribiarengandik 43 segundo eta 18 ehunenera.
Bi jardunaldietako denborekin, 39:26.52 markagaz eskuratu du 125. Kontxako Bandera Hondarribiak. Bera da azken hiru urteotako txapelduna. 13 segundo eta 22 ehuneneko aldea atera dio Zierbena bigarrenari. Hondarribiak brankaz zein popariaz ondo eutsi zion estropada buruari atzo. Ama Guadalupekoaren nagusitasuna erabatekoa izan zen. Ziabogara bidean traineru bateko errenta lortu zuen Zierbenarekiko, eta lan erdiak betetzerakoan aldea bost segundokoa zen. Amaieran, Hondarribiarengandik 5 segundo eta 30 ehunenera sartu zen Zierbena.
Emakumezkoen lehian, 1. jardunaldiko borroka errepikatu zuten Oriok eta Donostiarrak atzo. Badia barruan lehia estua eduki zuten, baina hori gaindituta, oriotarrek apurka-apurka, tartea handitu zuten. Ziabogara bost segundoko abantailagaz ailegatu ziren, eta poparian edarto asmatu zuen Santi Zabaletaren taldeak. Eta zuloa handituz joanda, amaieran, Oriok 11 segundo eta 82 ehunen atera zizkion Donostiarrari.
Gizonezkoen sailkapen orokorra:
- 1.- Hondarribia: 39:26.52
- 2.- Zierbena: 39:39.74 (+13.22)
- 3.- Santurtzi: 40:02.40 (+35.88)
- 4.- Orio: 40:02.66 (+36.14)
- 5.- Bermeo Urdaibai: 40:09.70 (+43.18)
- 6.- Donostiarra: 40:16.48 (+49.96)
- 7.- Cabo: 40:38.66 (+1:12.14)
- 8.- Zarautz: 41:22.66 (+1:56.14)
Emakumezkoen sailkapen orokorra:
- 1.- Orio: 21:59.80
- 2.- Donostiarra: 22:13.84 (+14.04)
- 3.- Donostia Arraun Lagunak: 22:27.26 (+27.46)
- 4.- Tolosaldea: 22:31.92 (+32.12)
- 5.- Hondarribia: 22:40.38 (+40.58)
- 6.- Hibaika: 22:51.72 (+51.92)
- 7.- Zumaia: 23:03.82 (+1:04.02)
- 8.- San Juan: 23:22.20 (+1:22.40)