Brankaz etorkizunari begira
Duela aste pare bat amaitu dute KAE 2 liga denboraldia Mutrikuk eta Busturialdeak. Zein bere inguruan, arrauna bultzatzeko eta indartzeko helburuagaz lan egiten dute bi proiektuetako kideek.
Abuztuaren azkenengo asteburuan amaitu zuten liga KAE 2ko taldeek, eta denboraldiak utzitakoaren balantzea egiteko ordua heldu zaie. Aurten, lehia polita eta sanoa eduki dute Busturialdeak eta Mutrikuk, eta bosgarren eta seigarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
Mutrikurentzat aurreko astean amaitu zen denboraldia. Izan ere, aurten Kontxako sailkapen estropadan arraun egiteko gonbidapena ere izan dute. Hogeigarren postuan amaitu zuten. “Argi genuen Kontxarako ez ginela sailkatuko. Aurreko astean amaitu genuen liga, eta guretzako sekulako saria izan zen horrelako estropada garrantzitsu batean parte hartze hutsa. Beste liga batzuetako aurkariekin batera estropada bat lehiatzea esperientzia oso polita da. Batez ere, taldeko gazteentzako esperientzia ahaztezina izan da. Pena, baina, aurten bestelako giroak eman dit. COVID-19a dela eta, ezin izan da zalerik hurreratu, eta zalerik gabe ez da berdina. Nahiz eta sailkatu ez, arranpara irten eta zaleak aurkitzen dituzu zure zain, baina aurten ez da horrelakorik egon; giro oso hotza eta tristea egon da”, esan du Jazintxo Salinas Markuerkiaga entrenatzaileak.
Atzetik aurrera
Iker Goikoetxea Bilbao eta Asier Arego Bengoa dira Busturialdearen entrenatzaile eta arraunlariak, eta Goikoetxeak esan du “urtea etorri den moduan” hartu dutela: “Iazkoagaz alderatuta beste aurrerapauso bat eman gura genuen”, dio Goikoetxeak. Iaz egindakoagaz gustura geratu ziren, eta denboraldi amaierako “sentsazioak berriro hartu eta aurrera eroan” gura zituzten.
Uztaila eta abuztua bitartean, ligan hamabi estropada lehiatu dituzte, eta Bizkaiko Txapelketan ere parte hartu zuen Busturialdeak: “Aurtengo denboraldia atzetik aurrera egin dugu. Gure helburua zen amaitu dugun lekuan amaitzea. Bagenekien Castrok eta Lapurdik itzelezko taldeak zituztela hor aurrean egoteko, eta mailaz igotzeko apustu handia zeukatela. Neguko jaitsieretan ikusi genuen euren ahalmena. Baina, hankak lurrean edukita, euren atzeko talde horretan egon nahi genuen”.
Lehen estropadan zazpigarren sailkatu ziren Busturialdekoak, eta ez ziren konforme geratu, eta gero, txandak irabazten hasi ziren. Batez ere bigarren txandan egon dira: “Mutrikurekin lehia sano bat eduki dugu denboraldi osoan, oso polita izan dena. Hamabi estropadetatik bost txanda irabazi ditugu; tanda horretan ondo mugitu gara”.
Iker Goikoetxea Busturialdearen entrenatzailea: “Gutxi-gutxika,
denon artean proiektua sendotu gura dugu”
Lortutako emaitza ona dela nabarmendu du Mutrikuren entrenatzaileak ere: “Ondo pentsatuz gero, talde guztiek gu baino gehiago daramate elkarrekin batera. Gure blokea aurten sortutakoa denez, ezin dugu gehiago eskatu. Denboraldi hasieran Busturialdea baino zer edo zer hobeto ibili ginen, estropada bat laugarren amaitu genuen, beste bi bigarren, eta horri esker Busturialdearekiko abantaila txiki bat lortu genuen. Baina denboraldi erditik aurrera eurak gorantz etorri dira, eta ezin izan diogu aurretik lortutako abantailari eutsi”.
Castron hirugarren
Azken txanpan traineruak “beste puntutxo bat hartu” zuela zehaztu du Busturialdekoak, eta bosgarren eta laugarren postuetan sailkatzea lortu zuten.
Ligaren azken asteburuan, Castron hirugarren geratu ziren zapatuan eta domekan, Castro eta Lapurdiren atzetik. “Hoberantz joanda, oso gustura amaitu dugu”. Iazko denboraldia antzerakoa izan zela dio: “Abuztuan martxa ona hartzen hasi ginen, eta abuztu oso ona egin genuen. Aurten, antzekoa izan da. Arinago hasi nahi genuen, baina etena igarri da. Taldean uretara zenbat eta gehiago joan, gehiago kontrolatzen duzu kuadrilla osoa”.
Castro eta Lapurdi “beste erritmo batean” egon direla igarri dute. “Hondarribiaren maila zen zalantza. Hondarribia B da, baina izugarrizko lana egiten dute gazteak ondo prestatzen. Eurak zelan ibiliko ziren zen zalantza, eta oso ondo ibili dira hasieratik. Maila oso ona eman dute. Gero, azkenean, euren parean jarri gara. Portugaletek ere aurten oso maila ona eman du, eta laugarren sailkatu da”, azaldu du Busturialdearen entrenatzaileak.
Salinasek zehaztu duenez, iaztik zegoen lantalde osoa goitik behera aldatu dute, esperientzia eta gaztetasuna uztartuz. Ligari ekin dioten taldekideak ekainean batu ziren lehenengoz, itxialdia egin eta gero. Jende faltagatik trainerua ez uretaratzeko zorian egon dira Mutrikun, eta herriko taldearen eta Isuntzaren arteko lankidetzari esker, trainerua beste urte batez uretaratzea posible izan da. Bi kluben arteko harremana estutu egin da aurten, eta lankidetzari ekin diote. “Isuntzatik bederatzi lagun etorri dira, eta baita aurten arraunean hasitako beste ondarrutar bat ere. Gainontzeko guztiak, lau bat, mutrikuarrak izan dira”.
Lankidetzako akordioari esker, gainera, Isuntzako gazteek traineruan arraun egiteko aukera paregabea izan dute: “Nire helburua Lekeitioko gazteei traineruan arraun egiteko aukera ematea zen, eta Mutrikuko proiektuari esker hori posible izan da”. Salinasek Isuntzako gazte mailako mutilen taldea entrenatzen du, eta estreinako traineru bat entrenatzeko aukera izan du aurten Mutrikuren eskutik, tarteka, gainera, tostartean arraun egiteko aukera ere izan du. Iaz hasi zen gazte mailako gazteak entrenatzen Lekeition, eta trainerua entrenatzen ere ondo moldatu dela dio. “Jauzi handia izan da”.
Eskualdeko proiektua
Elkarlana eta lankidetza zer diren ere ondo dakite Busturialdekoek. Elantxobeko eta Mundakako klubak bat eginda sortu zen Busturialdea orain dela bi urte, trainerua osatzeko. Aipatu herriez gain, Gernika, Murueta, Muxika, Gautegiz Arteaga… Eskualdeko hainbat herritako arraunlariak batzen ditu taldeak. “Herrian trainerua uretara eramateak eta gaur egun dauden ligatan parte hartzeak urtero-urtero kostu ekonomiko eta pertsonal oso altua dauka. Horregatik, biziraupenak bultzatuta jarri genuen martxan proiektua. Azkenengo bi denboraldietan Elantxobe eta Mundaka ari gara, herri txiki moduan premia gehiago dauzkagulako, baina Bermeok ere Busturialdea arraun taldearen barruan lekua dauka. Urdaibai jaio zen helburu beragaz sortu zen Busturialdea, nahiz eta gaur egun biek helburu ezberdinak eduki”.
Baina honakoa ez da Mundakako eta Elantxobeko arraun taldeak batera egiten duten lehen zikloa. “1992an batera uretaratu ziren Urdaibai moduan, 1999an ere bai, Bermeogaz batera. 2007an ere hurbilketa egon zen. Herri txiki bat moduan trainerua ateratzea oso gaitz dagoela ikusten dugu. Esaterako, Mundakan badaude arraunlari pila bat, traineru bat betetzeko baino gehiago, eta Elantxoben ere suposatzen dut baietz, baina beste talde batzuetan daude, Bermeon, Isuntzan, Ondarroan… Alboan talde indartsuak ditugu, eta herri txikietako taldeetako arraunlariak fitxatzen dituzte”, azaldu du Goikoetxeak.
Beteranoenek urte askoko harremana daukate, eta proiektua “polita” dela azpimarratu du. “Beteranoak gaude iparra jartzeko”. Proiektua eta trainerua egonkortu dute: “Beste urte batek gehiago sendotzen zaitu. Gabeziak beti azaltzen dira, eta urtetik urtera badakigu non huts egin dugun eta zer hobetu ahal den datorren urterako. Espero dugu urteak pasatu ahala taldea sendotzea zentzu guztietan”.
Arraun talde bakoitzak beheko kategoria guztiak euren taldeekin ateratzen ditu; bateletan eta trainerilletan bakoitza bere nortasunagaz agertzen da, neska- mutilen harrobia landuz. Proiektu iraunkorra izatea da euren asmoa: “Bi denboraldi segidan daramagu lan honekin, eta emaitza ona eman digu. Elkar ulertze oso ona daukagu, eta baita proiektuak aurrera jarraitzeko indar guztiak ere. Esfortsu oso handia da denboraldiak aurrera ataratzea, eta oso harro gaude gure arraunlariekin eta hau guztia posible egiten duten eragile guztiekin”.
“Hankak lurrean”
Busturialdea traineru indartsu bat eduki gura dute: “Hankak lurrean ditugu. Badakigu zer nolako taldea garen, eta gure helburua da arraunlari gazteak ateratze. Ateratzen ditugun arraunlariak ilusioa izatea gura dugu euren herriko traineruak hor egoteko aukera izan dezakeelako. Gutxi-gutxika denon artean proiektua sendotzea da gure helburua”. Gazteengan “konfiantza osoa” daukate. “Konfiantzagaz eta lanagaz” aurrera egitea da garrantzitsuena: “Eta gauzak etorriko dira modu naturalean”.
Harrobiko klubak dira Elantxobekoa eta Mundakakoa, eta nesketan eta mutiletan “antzerako kopuruak” dituzte. Busturialdea nesken trainerua ateratzea eta ETE ligan parte hartzea da erronketako bat: “Eskualdeko neskak animatzen ditugu parte hartzera. Polita izango litzateke nesken Busturialdea trainerua ateratzea. Elantxoben zein Mundakan badaude neskak, eta ea zelan bultzatzen dugun traineru hori. Proiektu horregaz zelan aurrera joan aztertzen ari gara. Harrobian neska eta mutilen kopuru berak ditugu. Bidea hori izan behar da, eta urteekin traineru biak, neskena eta mutilena, neurri on batean egotea”.
Iker Goikoetxea Busturialdearen entrenatzailea:
“Gure helburua arraunlari gazteak ateratzea da”
Etxetik uretara
COVIDarengatik denboraldi berezia izan da. Neguan lanean hasi eta gero, osasun larrialdi egoeragatik etenaldia heldu zitzaien. Ergometroak eta bestelako materialak etxera eroan, eta norbere kontura sasoian mantentzeko entrenamenduak egin behar izan zituzten. Gero, faseak heltzean kanpoan korrika zein bizikletan, bakarka eta taldeka aritu ziren. Ekainean uretan sartzeko aukera eduki zuten.
Liga zein estropaden antolaketa egoera berrira egoki dute. Hamabi estropadak bost kokapenetan lehiatu dituzte: “Normalean talde bakoitzak antolatzen du bere bandera, aurten ez”. Erabakiagaz asmatu dutela uste du Goikoetxeak: “Alde onak eduki ditu. Hartutako neurriak onuragarriak izan dira. Jarritako mekanika arraunlarientzat erosoa izan da”.
Atsedena
Ligako nekeak alde batera laga, eta orain atseden hartzea tokatzen zaie Mutriku eta Busturialdeako arraunlariei.
Mutriku Arraun Taldearen asmoa eta helburua proiektuari jarraipena ematea da, baina Mutrikun, zoritxarrez, traineruaren etorkizuna kolokan dago. “Etorkizuna ez dago bermatuta. Nesketan bizpahiru batel dituzte, baina mutiletan ez dago beheragoko mailetako talderik”. Salinasek argi du, proiektuak aurrera jarraitu ahal izateko beharrezkoa izango dela herrian arrauna bultzatu eta indartzea.
Goikoetxeak, berriz, aro bat agurtu du. Prestatzaile izateari utziko dio: “Hiru denboraldiz aritu naiz prestatzaile moduan, bat Mundakagaz eta azken biak Mundakan eta Busturialdean. Gustura egon naiz, eta eskertuta nago. Lan polita egin da, baina orain haize berria eta lan egiteko ilusio berriak sartuko dituen beste prestatzaile bat sartzeko momentu ona da. Taldearen beharrizanetara jarraituko dut aurrerantzean”.