Mundakako alkateak alkateorde proposatu ditu EH Bilduko bi zinegotzi
Mundakako alkateorde ziren EAJko bi kide dekretu bidez kendu ditu; Mundakako EH Bilduk ohar bidez esan duenez, ez du proposamena onartu
Mikel Bilbao alkateak kargutik kendu ditu Mundakako Udaleko alkateorde ziren Eusko Alderdiko Jeltzaleko bi kideak. Alkateak Hitzari baieztatu dionez, dekretu bidez egin du kargugabetzea eta, horien ordez, EH Bilduren bi zinegotzi izendatzeko proposamena egin du.
Hala ere, alkateak esan du ez duela gainontzeko adierazpenik egingo eta esan beharrekoak zentsura mozioa aurkezten dutenean esango dituela.
Mundakako EH Bilduk, bere aldetik, oharra kaleratu du eta sare sozialetan zabaldu du, besteak beste. Oharrean dioenez, EH Bilduk erabaki du izendapen horiei uko egitea, eta egungo egoeraren aurrean lanean jarraitzeko prestutasuna agertu du. Hain zuzen ere, esan du EH Bildu Mundakak bere sorreratik erakutsi duela herriaren alde lan egiteko asmoa duela, eta horrela izaten jarraituko duela dio. Hala ere, gaineratu du argi duela egungo zinegotzi banaketarekin ez daukala kargu horiek hartzeko legitimotasunik.
«Sintonia falta». Bestalde, udalean sortutako egoerak EH Bildurengan kezka sortu duela adierazi dute. «EAJren barne arazoek ezin dituzte ondorioak izan herriko eguneroko kudeaketan, are gutxiago gaur egun bizi dugun egoeran», aipatu dute oharrean. Azkenik, EH Bildu Mundakak jakinarazi du bere nahia dela egoera ahalik eta azkarren konpontzea, udala herritarrengandik dagoen instituziorik hurbilena izanda, herritarren arazoak entzuteko tresna izan behar delako.
Mundakako Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) udal taldeak astelehenean eman zuen jakitera Mundakako alkate Mikel Bilbao Ruizen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko duela. Hain zuzen, taldetik kanporatu dute alkatea, zentsura mozioa aurkeztu ahal izateko. Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak komunikabide bati egindako adierazpenetan esan duenez, herriko programa aurrera eramateko alkatearekin duten «ezadostasun eta sintonia faltagatik» hartu du EAJk erabaki hori.
EAJren zerrendan, hautagai independente bezala aurkeztu zuten Mikel Bilbao alkategai 2019ko udal hauteskundeetan, eta alkatetza eskuratu zuen. Hala ere, Mundakako EAJk adierazi du alderdiko kidea ez denez, ezin zaiola aplikatu EAJren barne araudian halako kasuetarako aurreikusten dituzten neurriak. Udal mailan, hortaz, kargugabetzea zentsura mozioaren bidez baino ezin dutela egin azaldu dute.
Jeltzaleek mozioa datozen egunetan aurkezteko asmoa agertu dute, baina oraindik ez dute jakinarazi berau aurkezteko eta bozkatzeko osoko bilkura noiz egingo duten.