Behin-behineko neurriak behin-betiko bihurtzea aztertzeko inkesta bat zabalduko du Eako Udalak herritarren artean.
COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez, udalerrian ibilgailuen zirkulazioa, aparkatzea eta zamalanak arautzeko behin behineko neurriak zehaztuz Alkatetza Dekretua argitaratu zuten maiatzaren erdialdean. Pandemiak sorrarazitako “aire libreko eremu publikoaren beharrak” kontuan hartuz egin zuten, eta behar horiek “ez direnez desagertu eta ez duenez ematen epe laburrean desagertuko direnik”, neurri horiek momentuz mantentzea erabaki du udalak.
Hartutako neurrien ondorioak printzipioz positiboak direla uste dute, eta auzotarren iritzia eta balorazioa entzuteko eta behin-behineko neurriok behin-betiko bihurtzea komenigarria den aztertzeko inkesta bat egingo dute herritarren artean. “Inkesta burutu bitartean, maiatzaren 13ko 2020/69 Alkate-dekretuak onartutako ibilgailuen zirkulazioa, aparkatzea eta zamalanak arautzeko neurrien indarra 2020ko urriaren 30era arte luzatuko da”.
Neurriak. Beraz, ezin da aparkatu Kale Nagusian, Belen Kalean, Jesus Kalean, Aritza kalean eta Barria kalean eta Barria kalea norabide bakarrekoa da. Zubietan oinezkoentzat norantza bakarra markatuko da.
Hornitzaileek zamalanak Aboitiz eta Kortazar enparantzan egin behar dituzte, eta udaletxearen atzean dagoen aparkalekua eta Kurtzia kalea baimendutako ibilgailuentzat (ibilgailuaren jabea Ean erroldatuta badago eta ibilgailua Eako Ibilgailuen Erroldan alta emanda badago) dira.