Apurka-apurka sasoia hartzen
Aurreko astean hasi ziren entrenatzen Gernika eta Aurrera Hirugarren Mailako taldeak. Egoera berrira ondo egokituta, urriaren erdialdera ligari ekiteko gogoz daude.
Pandemiaren aurreko protokoloak eta kontigentzia planak betez, irailaren 1ean hasi ziren entrenatzen Aurrera eta Gernika Hirugarren Mailako taldeak. Federazioaren aurreikuspenak betez gero, urriaren 17-18ko asteburuan hasiko dute liga.
Ondarroako taldeak, baina, aurreko astean hitzordu garrantzitsua edukiko du. Errege Kopara sailkatzeko play off-ak lehiatuko dituzte. Eladino Gonzalez Aurrera Kirol Elkartearen presidentearen berbetan, aukera hori edukitzea “opari bat” da: “Guretzat denboraldia urriaren 7an hasiko da Gasteizen, Urgatziren kontra, eta asteburu horretan Ondarroan jokatuko dugu Anaitasunaren kontra. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban txapeldun geratu ginen hiruretako bat sailkatuko da. Ea lortzen dugun kopan sartzea. Sari bat da, eta ilusio handia egiten digu”.
Ligan bestelako helburuei begira lan egingo dute Gernikak eta Aurrerak. Gonzalezek dio eurek bi helburu eta bi erronka dituztela. Erronka bat ekonomikoa da. “Oso gogorra izango da. Partiduak ateak itxita edo jende gutxigaz eta protokolo handiagaz jokatu behar baditugu, gastuak asko handituko dira, eta sarrerak gutxitu. Badakigu egoera oso gogorra dela denontzat, baina ea laguntzak lortzen ditugun, ez bakarrik instituzioetatik, baita jendearen laguntza ere”.
Etxeko partiduak zaleek ikusteko aukera edukitzea aztertzen ari dira: “Asko kezkatzen gaituen bigarren erronka da bazkideei zelan erakutsi Aurrera. Futbol zelaian ezin badute egon, taldea zelan ikusiko duten. Ez da erraza. Orain erronka handiena da”.
Mendeurrena ahal den moduan ospatzea dute helburu. Urte osoan, bi denboralditan, pandemiak lagatzen dizkien ekintzak eta gauzak egingo dituztela iragarri du presidenteak: “Ideia batzuk genituen, baina orain ezin dira gauza batzuk planteatu. Ez dakigu zelan egongo garen datorren urtean”. Bazkideekin harreman zuzena izatearen garrantzia azpimarratu du. Egiten ari direna zelan komunikatu da euren kezketako bat: “Jakin behar dute zer egiten ari garen. Gazteek sare sozialak dituzte, baina nagusiagoek ez. Batzar bat deitu nahi dugu, baina ez da erraza dauden mugekin”.
Kirol mailan helburua argia da: mailari eustea. “Dena eman behar dugu hasieran, puntuak pilatzeko. Hori lortzen badugu, gero errazagoa izango da. Kategoria mantentzea da helburua, eta oso gogorra izango da, sistemagatik eta gure multzoa pixka bat gogorragoa delako. Zenbat eta partidu gehiago irabazi, errazago edukiko dugu. Dena ematera irten, eta partiduz partidu irabaztera joan behar gara”. Hirugarren Mailan “urte askotan” geratu gura dute: “Lehenengo bi urteak dira gaitzenak, eta aurten oraindik gaitzagoa aldaketengatik”.
Oscar Vales Gernikaren entrenatzailea: “Play off postuetan sartzen ahalegindu behar gara, gero igoeragatik borrokatzeko”
Gernikaren helburua sailkapenaren goikaldean egotea da. “Baikorrak gara. Helburua play off postuetan sartzea da, zalantza barik”. Taldea horretarako osatu dutela dio Oscar Valesek: “Gernika tradizio handiko kluba da, helburu altuenengandik borrokan egon behar duena. Eta hori da guk planteatzen duguna. Ez dugu zalantzarik. Osatu dugun taldeagaz eta klubak daukan garrantziagaz helburua ezin da beste bat izan. Play off postuetan sartzen ahalegindu behar gara, gero igoeragatik borrokatzeko”.
Helburuak lortzeko joandakoen hutsuneak bete eta aurreko denboraldiko multzo garrantzitsu bat mantendu dute. “Postu jakinetan behar genituen jokalariak etorri dira. Talde hobea izaten eta denboraldiko helburuak lortzen saiatzen lagunduko digutela uste dut. Lerro guztietarako egin ditugu fitxaketak. Pozik nago etorri berri gehienak hainbat postutan jokatzeko gai direlako, errendimendu ona emanez. Postu askotan irtenbide asko ematen dituzte”, azaldu du Gernikaren entrenatzaileak.
Aurrerak, berriz, mailaz igotzea lortu zuenez, arautegiak behartutako aldaketak egin behar izan ditu: “Hirugarren mailan, gehienez, 23 urtetik gorako 16 jokalari eduki ditzakezu. Aurreko denboraldian 23 urtez azpiko jokalari bakarra geneukan, eta aldaketa egitera behartuta egon gara, eta egin dugu”. Halere, «jarraipeneko» taldea dela zehaztu du, eta aurreko denboraldikoekin eta fitxaketekin mailari «aurre egin» ahal dietela uste du Gonzalezek.
Biek ere argi daukate egunez egun joan behar direla, “aurten inoiz baino gehiago”. Oso ondo hasi direla nabarmendu du Valesek, eta bilatzen ari direna lortzen ari direla lan saioetan. Denboraldi-aurrean lan egiteko astia daukatela eta, “behetik gora” joateko itxaropena dauka.
Jokalariek erakutsitako jarreragaz “pozik” dago. Ondo egokitu dira: “Entrenatzeko baldintza egokiak izatea izan da lehen gauza, eta hori lortzen ari gara. Zailtasunak zailtasun, ondo entrenatzen ari gara, eta gustura. Arauak ondo betetzen ari da taldea. Alde horretatik ere profesionalak izaten ari dira jokalariak”.
Zapatuan Amorebietaren kontra, Urbietan
Denboraldi-aurreko lehen partidua zapatu honetan jokatuko dute bi taldeek, ateak itxita. Gernikak Amorebieta hartuko du etxean. “Zazpi partidu aurreikusi ditugu, eta ea ondo lehiatzeko gai garen. Emaitzak baino, gero eta sentsazio hobeak hartzen joatea eta berriak taldera eta nahi dugunera azkar egokitzea da garrantzitsuena. Gauzak orrazteko balio du denboraldi-aurreak, okerrak zuzentzen joateko eta gauza onak indartzeko . Urriaren 17an baldintza onenetan egoteko lana gehitzea da azken finean”. Aurrerak, berriz, Urdulizen jokatuko du: “Egoera oso arraroa da. Kirol mailan jendea fin ikusi dugu, sasoian etorri da, eta gogo handiagaz”.
Oraindik ez dute ligako egutegia. Laster jakin beharko dutela aitatu du Valesek: “Ez da erraza dena antolatzea eta denak ados egotea. Denboraldi desberdina izango da, jende gehiagogaz berba egin behar dute, eta protokoloak jarraitu. Urriaren 17-18ko astean liga hasiko dela publiko egin da, laster onartuko da. Behin onartuta, egutegia nahikoa segituan aterako dutela uste dut. Halako egoeretan egunez egun joan behar garela ulertzen dugu; aldiro planak aldatzera eta egoera berrietara egokitzera ohituko gara”.
Entrenatzen hasi baino lehen test serologikoak egin zizkieten Aurrerako jokalariei, eta denek negatibo eman zuten bai IgM eta IgG probetan: “Inork ez zeukan, eta inork ez du pasa”. PCRak egin dituzte talde gernikarrean: “2.B mailatik beherako klubek gutxi egin dezakete; PCRak bakoitzak ahal dituen moduan egiten ditu. Klub apalak dira, eta bakoitzaren egoera ekonomikoagaz ahal dutena egiten dute. Ahal dugun moduan, baina bete egiten dugu, eta ez da gutxi”.