Urdaibai aurten ere Kontxako banderaren lehian egongo da
Bermeoko taldea bosgarrena izan da Kontxako banderaren sailkatze estropadan. Bermeo-Urdaibai, Zierbena, Orio, Hondarribia, Santurtzi, Cabo, Zarautz eta Donostiarraren artean erabakiko da bandera.
Kontxan faboritoek huts egitea ez da askotan gertatzen, eta gaur arratsaldean ere ez da ezustekorik egon. 21 taldek lehiatu dute sailkatze estropadan ez da emozio handirik egon. Bermeo-Urdaibai Donostian egongo da datozen bi domeketan.
Zierbena, Orio, Hondarribia, Santurtzi, Bermeo-Urdaibai, Cabo, Zarautz eta Donostiarraren artean erabakiko da aurten bandera preziatua.
Ustekabea Zarautzek eman du gaur arratsaldean, eta Ondarroak erakutsi du txanponaren beste aldea. Iaz azkarrena izan zen Antiguako Ama, eta atarian, aurten zortzigarren geratu da. Zarautz zazpigarrenarengandik bi segundo eta 32 ehuneneko alde estuagatik geratu da banderaren lehiatik kanpo. Eusko Label Ligaren azken aurreko postuan amaitu du Zarautzek denboraldia, eta Bermeon eta Portugaleten play off-ak lehiatu beharko ditu, baina, sailkapenean goikaldetik dituen Ondarroa, Lekittarra eta Ares baino hobeto aritu da.
Zarautzen atzetik, bigarren uretaratuta, Zierbenak markatu du erreferentzia. Bera izan da azkarrena ziabogan (09:41), eta 19:45.18 denboragaz irabazi du sailkatze estropada aurtengo Euskadiko eta Espainiako txapeldunak. Segundo bakarreko alde estuagaz, Hondarribiak egin du bigarren denborarik onena ziabogan. 09:52 markatu du, berriz, Bou Bizkaiak.
“Bandera irabaztera”. Jon Elortegi Urdaibairen entrenatzaileak helburua lehen zazpiren artean sartzea zenez, “pozik” daudela esan du: “Arraunean ondo egin dugu, lasai. Emaitza ona da. Abuztua ez da izan hilabete ona guretzako, baina, hala ere, gogotsu gatoz Kontxara. Gauzak ondo egiten baditugu, uste dut maila ona emango dugula, ez garela besteak baino astiroago ibiliko”. Bermeoko kluba behin-behinean zuzentzen ari den Kudeaketa Batzordeko kide den Gotzon Orbek zehaztu du, orain helburua “bandera irabaztea” dela, eta asteburu bi hauetan horretarako lan egingo dutela.
SAILKAPENA:
- 1.- Zierbena: 19:45.18
- 2.- Orio: 19:49.06 (+3.88)
- 3.- Hondarribia: 19:49.94 (+4.76)
- 4.- Santurtzi: 19:58.24 (+13.06)
- 5.- Bermeo-Urdaibai: 19:59.56 (+14.38)
- 6.- Cabo: 20:06.64 (+21.46)
- 7.- Zarautz: 20:16.94 (+31.76)
- 8.- Ondarroa: 20:19.26 (+34.08)
- 9.- Ares: 20:26.76 (+41.58)
- 10.- Lekittarra: 20:30.54 (+45.36)
- 11.- Pedreña: 20:34.50 (+49.32)
- 12.- San Pedro: 20:38.52 (+53.34)
- 13.- Samertolameu: 20:44.46 (+59.28)
- 14.- Tiran: 20:48.36 (+1:03.18)
- 15.- Kaiku: 20:48.88 (+1:03.70)
- 16.- San Juan: 21:04.78 (+1:19.60)
- 17.- Deusto: 21:04.92 (+1:19.74)
- 18.- Getaria: 21:10.12 (+1:24.94)
- 19.- Zumaia: 21:12.92 (+1:27.74)
- 20.- Mutriku: 21:38.88 (+1:53.70)
- 21.- Hibaika: 22:20.52 (+2:35.34)