Hezkuntzako sindikatuek greba deialdia egin dute irailaren 15erako
Sindikatu guztiek deitu dute grebara, eta sare publiko zein itunpekoentzako neurriak eskatu dituzte. Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak "eskasak" direla diote, eta ez dituela langileak kontutan hartu.
Ikasturtea hasi eta astebetera, irailaren 15ean, grebara joateko deia egin dute sindikatuek; ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT hain zuzen. “Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako sindikatuok hezkuntzan aurrez aurreko itzulera seguru eta adostua exijitzeko mobilizatzeko deia egiten dugu”. Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua lelopean egingo dute greba, eta deialdiak sare publikoko zein itunpekoei eragingo diela jakinarazi dute.
Irailaren 15eko grebaz gain, beste bi mobilizazio ere iragarri dituzte: bihar kontzentrazioak egingo dituzte eskoletan, eta hilaren 10ean, 18:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaritzen aurrean. Sindikatuek ez dute baztertu greba deialdi gehiago egitea, eta ohartarazi dute Hezkuntza Sailaren bilera eskaera bat ez dela nahikoa izango lanuztea bertan behera uzteko: “Biltzea ez da nahikoa. Proposamenak eta planifikazioa nahi ditugu”.
Eskoletara aurrez aurre itzultzeko Hezkuntza Sailak egindako kudeaketa “onartezina” eta “arduragabea” dela deritze sindikatuen ordezkariek: “Aldebakarrekoa eta adostu gabekoa, berantiarra eta langile, ikasle zein familiengan etengabeko ziurgabetasun egoera sortzen ari dena”. Izan ere, salatu dute langileak eta hezkuntzako eragileak kontutan hartu barik aritu direla ikasturte hasiera prestatzen: “Neurriak aurrera eraman beharko dituzten langileen ordezkariekin ez da bilerarik egon. Protokoloen berri komunikabideen bidez izan dugu”.
Gainera, protokoloak “oso berandu” heldu direla salatu dute, “azkena, langileak ikastetxeetara bueltatu baino hiru egin lehenago”. Inprobisazioa dela “nagusi” esan dute, osasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak zein horiek aurrera eramateko baliabideetan ez dagoela zehaztasunik aipatuz: “Ez dio diagnostiko eta plangintza orokor bati erantzuten”.
1.000 irakasleren kontratazioa “eskasa” dela adierazteaz gain, “propaganda ariketa bat” dela ondorioztatu dute: “Kontratazio prozesuak jada itxita daudenean, ratio jaitsierarik aurreikusi gabe, eta zein irizpideri erantzuten dioten ere argitu gabe, propaganda ariketa huts baten aurrean gaudela ondorioztatzera garamatza. Ez dakigu zein irizpideren baitan egingo diren, noiz eta zelan egingo diren ere ez”. Gaineratu dute kontratazioak beste langile kolektiboetan ere areagotu behar liratekeela, ez soilik irakasleetan.
Aurrez aurreko eskolak. Sindikatuek adierazi dute irakaskuntza presentziala berreskuratzearen aldekoak direla, “bereziki zaurgarriak diren ikasleak babesteko”. Izan ere, hezkuntza gizarterako kohesio tresna bat da. Baina aurrez aurreko eskoletara buelta gaur egungo osasun egoerara moldatuta eta segurtasuna bermatuta egin behar dela azpimarratu dute, eta hori posiblea izateko baliabideak jarri behar direla aldarrikatu dute.
Hori horrela, eskatu dute ordezkapenak lehenengo egunetik betetzea, ikasleen ratioak jaistea (gehienez 10-15 ikasle gela bakoitzean), jantoki zerbitzua ikasle guztientzat bermatzea (distantzia betetze aldera berrantolatuz), eskola garraioan segurtasuna egotea, eta zaurgarrienak diren eta osasun arazoak dituzten langileak babesteko neurriak ezartzea. Halaber, arrakala pedagogiko, sozial, teknologiko eta bereziki euskarari dagozkionak erantzuteko bitartekoak bideratzeko neurriak ezartzea ere eskatu diote Jaurlaritzari.
Guzti horiek adosteko negoziazioa “aktibatu” behar dela uste dute: “Itzulerari begirako plangintza elkarbanatu, negoziatu eta adosteko negizoazioa aktibatu behar da, sektorez sektore eta kolektiboz kolektibo”.