Gorroño: "Ez-jaietan legea betetzea bilatu dugu kontingentzia plan berezi bategaz"
Pandemiari aurre egiteko erantzukizunez jokatzeko deia egin du alkateak: "Errudunak bilatzen ez da ezer argituko".
Pandemiak gizartearen oinarri guztiak aldatu dituela esanda, Gernika-Lumoko ez-jaietan udalak legea betetzea bilatu duela azpimarratu du Jose Mari Gorroño alkateak: “Gernikako ez-jaietan legea betetzea bilatu dugu eta kontingentzia plan berezi bat izan dugu horretarako”. Protokolo hori udaltzaingoagaz eta Ertzaintzagaz elkarlanean prestatu dutela adierazi du.
Tabernen ordutegiak zeintzuk ziren eta kaleko edana debekatuta zegoela jakinarazi zutela dio alkateak, baita tabernak utzarazteko aukera zegoela eta jende pilaketak ekiditeko deia egin zutela ere. “Hori bete ez zituztenei zigorrak jarri zitzaizkien”, azaldu du.
EH Bildukoek abuztuaren 12an Juan Kaltzada kalea izteko eskatu ziotela ere kontatu du alkateak, eta eskaera ez zutela onartu esan du: “Hori jai egunetan bakarrik egiten da, eta ez zegoen jairik”. Ezetza jaso eta gero, udaltzaingoari eskaera berbera egin ziotela esan du Gorroñok, eta Javier Martin udaltzain buruak baieztatu du: “Nire iritzia helarazi nien, eta horrek jai moduko bat ekarriko zuelako ez genuela itxiko jakinarazi nien. Izan ere, ezingo genuen kontrolatu”.
Jaiak ospatu ez arren, “betiko moduan” kontingentzia plana eratu zutela dio Martinek: bi furgoneta, Ertzaintzaren bi patruila eta udaltzaingoaren hiru. Hala ere, abuztuaren 14an goi epaitegiak ostalarien errekurtsoaren alde egiteak protokoloa “zaildu” ziela adierazi du: “Tabernen ordutegia goizaldeko 3ak eta 5ak arte luzatu zen, eta asko zaildu zen protokoloa. Hori horrela, jai guneko kaleetako tabernari gehienekin batzartu nintzen, gure plana zelakoa zen esateko”. Tabernek eskatutakoa “oso ondo” bete zutela esan du, “aforoak errespetatuz”. Eurek, berriz, kanpoan bildutako jendea sakabanatzen aritu zirela adierazi du.
Martinek emandako datuen arabera, azken bi hilabetetan hainbat isun jarri dituzte. Hain zuzen, 148 akta zabaldu dituzte maskara ez erabiltzeagatik; 88 espediente kalean edateagatik, 4 akta tabernetan mahaien arteko espazioa ez errespetatzeagatik, eta beste hiru 3 espediente taberna barruko aforoa ez errespetatzeagatik.
Esandakoak “desitxuratu”. Halaber, EH Bildukoek berak esandakoak “desitxuratu” dituztela adierazi du prentsaurrekoan: “EH Bildukoek nik emandako adierazpenak desitxuratu dituzte euren interesen arabera. Eta hori ez da ona inorentzako”. Osakidetzak transmisio komunitarioa egon zitekeela esan zuelako deitu zituela herritarrak PCR probak egitera argitu du: “Nik nire herritarrentzako onena gura dut. Euskadin egunean 10.000 PCR proba inguru egiten direnean, Gernikan egunean 800 egiteak, %9a suposatzen du. Eta egoera berezi horretan hori egitea osasungintza blokeatzea da batzuk esan bezala? Ez”. PCR horiek egiterakoan zenbait establezimendutan “positiboak ezagutu” dituztela dio, eta horrek “transmisioa ekiditu” duela.
Herriaren konfinamenduari “beldur” zela esatean, adierazi du ez zuela “alarma sortzea” bilatu. “Aurreko konfinamendua oso gogorra izan zen, eta beldurra neukan, arduratuta nengoen. Gernikan bizimodu normala egitea gura nuen, erantzukizunez jokatuta”.
Jokin Garatea jai eta kultura zinegotziak jaiak bertan behera uztearen erabakia ekainean hartu zutela gogorarazi du, “jai batzordeagaz batera”. Alternatiba bezala, kultur egitarau bat antolatu zuten, neurri eta lege guztiak beteta. Ekintza horiek birusa zabaldu ahala bertan behera gelditu dira; Andra Mari eguneko bertso saioa adibidez. “Legeagaz bat etorri eta sarrerak salduta egon arren, osasuna lehentasuna dela arrazoi hartuta, ko bertan behera gelditu zen”, adierazi du Garateak.
Hori horrela, birusari aurre egiteko erantzukizunez jokatzeko deia egin du alkateak: “Errudunak bilatzen ez da ezer argituko. Pandemiari aurre egiteko denak batera egon behar gara, gazte zein heldu”.