Zin bidea ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte irailerako
Irailaren 18, 19, 20, 26 eta 27an izango dira bisitak, eta horietan egoteko aurretiaz izena eman beharko da.
Bizkaiko interes historikoko lekuak ezagutarazteko Ibilbide historikoak programaren barruan, Zin bideko geralekuak bisitatzeko aukera egongo da irailaren 18, 19, 20, 26 eta 27an.
Bizkaiko Foruak zin egiten ziren lekuak eta monumentuak bisitatuko dira, horien historia ezagutaraztea eta Bizkaiko Foruen ezarpen-mekanismoetako batzuk ulertaraztea baita ibilbidearen helburu nagusia.
Zin-bidea Bilbon hasten zen, Gernika-Lumo zuen erdigunea eta Bermeon amaitzen zen. Hori horrela, ibilbidea Bilbotik abiatuko da, ondoren Lezaman, Larrabetzun eta Gernika-Lumon geldituz, eta Bermeon amaituz.
Bisitak bi modutan egin daitezke: oinez (hiru etapatan) edo autobusez. Horietan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko dute interesatuek, eta hori egiteko 688 85 66 89 telefono zenbakira deitu edota hurrengo helbide elektronikora idatzi beharko dute: ibilbideak@bizkaia.eus. Bisitetan araututa dauden higiene-neurriak eta prebentzio-neurriak bete beharko dira.