Irailaren 9ra arte itxita egongo da Astra
Egoera normaltzean eta hobetzean atzeratuak izan diren ekintzen data berriak argitaratuko dituztela jakinarazi dute.
Gernika-Lumon azken asteetan emandako COVID-19 kasuen igoeraren ondorioz, Astra iztea erabaki dute kulturarako fabrika sozialeko kideek: “Kasuen igoeraren ondorioz, eta erantzukizunez jokatze aldera, momentuz, Astrako egitaraua bertan behera uztea erabaki dugu”. Hori horrela, irailaren 9ra bitartean ateak itxita izango ditu.
Astra desinfektatzeko lanetan ari dira. Gaur gaurkoz, Astran ez dutela koronabirus kasu positiborik izan azaldu dute, baina arduraz jokatu gura izan dute, “Astrara hurbiltzen diren elkarte, eragile, bitartekari eta norbanakoen osasuna bermatzeko”.
Egoera normaltzea eta hobetzea espero dute, eta hori lortzean, atzeratuak izan diren ekintzen data berriak argitaratuko dituztela jakinarazi dute. Hala, baina, gaur ez da Astra Iluntzerik egongo. Uztailaren 1ean Moxal eta Aitor Etxebarriaren kontzertuagaz hasi zen ekimenaren azken bi emanaldiak atzeratu egin behar izan dituzte. Abuztuaren 26an Sound Ryders taldea aritu behar zen Astran, eta gaur berriz, Myotones bikotea, baina ez dira egongo. “Geratzen diren bi Astra Iluntzeen datak egoera hobetzen joan ahala argitaratuko ditugu. Astra kultura da eta hutsa kulturarik gabe. Bizia emango diogu berriro”, adierazi dute Astrako kideek.
Jardunaldi feministak
Aurten Jarki antolakundeak klase feminismoari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, eztabaida eta formakuntzarako espazioak sustatuz kontzientzia sortzeko bidean. Hasiera batean jardunaldiak Gernika-Lumoko Astran egitekoak ziren irailaren 4, 5 eta 6an, baina asanbladak espazioa izteko erabakia hartu duenez, Durangoko Landako gunera lekualdatu dituzte; aurreikustako data mantenduko dute.
Hala ere, espazio berriaren eskakizunak direla eta, egitaraua egokitu behar izan dute antolatzaileek. Hori horrela, zapatuan ez da bazkaririk egingo, eta egun horretako hitzaldiak 14:30ean hasiko dira.
Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, gainera, jardunaldiak streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da hurrengo helbidean: http://labur.eus/vfRqj. Herritarrei Durangoko jardunaldi feministak jarraitzeko deia egin diete.