Damaris Egurrola Evertonen ariko da datozen bi denboraldietan
Evertoneko zazpigarren fitxaketa da, eta Egurrola prest dago etapa berria hasteko: "Luzaroan egon naiz honen zain. Poz-pozik nago Ingalaterran jokatzeko aukera dudalako".
Damaris Egurrolak Evertonen jokatuko du hurrengo bi denboraldietan. Athleticeko jokalari ohia Liverpool hiriko taldearen zazpigarren fitxaketa da, eta prest dago etapa berria hasteko: “Luzaroan egon naiz honen zain. Poz-pozik nago Ingalaterran jokatzeko aukera dudalako. Hasteko prest nago”.
Gautegiz Arteagako ezker hegaleko erdilaria fitxatzeko aukera izan zutenean ez zutela bitan pentsatu adierazi du Willie Kirk Evertoneko entrenatzaileak: “Damaris fitxatzeko aukera izan nuenean, ezin genuen atzera bota. Beste fitxaketa handi bat da guretzat, eta gure anbizio eta asmoaren beste seinale bat da”.
Egurrola “anbizio handiko” jokalaria dela uste du Kirkek: “Ondo baino hobeto egokituko da bildu ditugun jokalariekin”. Halaber, erdiko jokoa orekatzeko talentu handia duela dio, “bere joko ezaugarriek eta malgutasunek horretarako aukera ona” eskaintzen baitute.
Evertonek jakinarazi duenez, Egurrolak ezin izan du oraindik taldekide berriekin entrenatu. “Damaris berrogeialdian dago gaur egun, eta, beraz, denboraldi-aurre osoa galduko du. Hurrengo asteetan berarekin lan egingo dugu martxa har dezan”.
Bost urte zuri-gorri. Ekainaren 5ean jakinarazi zuen Egurrolak ez zuela Athleticen jarraituko. “Beti amestu izan ditudan beste erronka batzuei aurre egiteko garaia” dela azaldu zuen. Anbizio horren eta “beste egoera” batzuen eraginez hartu zuen erabakia: “Ulertzen dut nire erabakiak hainbat iritzi sortuko dituela, baina errespetua eskatzen dut. Zaila da horrelako erabakia hartzea”.
Athleticek dena eman diola esan zuen: “Bost urte hauetan dena izan da Athletic niretzat”. Egurrola 2012an sartu zen Athleticeko harronbian, eta 16 urte zituela debutatu zuen 2015ean. Azken denboraldian 20 norgehiagoka lehiatu zituen, bi gol sartuta.