Juan Kaltzadako tabernek "euren aurkako" esamesak salatu dituzte
Jaien aurretik beraien kezka agertu zioten udalari, eta neurriak eskatu; tabernariek diote ez zutela erantzunik jaso
Juan Kaltzadako lau tabernarik azken asteetan egon den positibo gorakadaren kutsatze gune nagusi legez “kale bakar bat” aipatu izana salatu dute. “Kale bakar batean kokatu dute kutsatze gune nagusia. Errudunak bilatu nahiak ezin ditu horrelako adierazpenak alkatearen eta komunikabide gehienen ahotan jarri”, kexu dira tabernariak.
Esan dutenez, eurentzat “oso kaltegarria” da Gernika-Lumoko agerraldiaren erantzuletzat Juan Kaltzadako tabernak jotzera eta haien irudiak bolo-bolo aritzea, “bertan foko zehatzik aurkitu ez denean”. Hori horrela, ez dute ulertzen herriko alkateak eta komunikabideek irudi horiek zabaldu izana: “Ez dugu ulertzen herriko alkateak eta komunikabideek halako baieztapenak egin izana inongo frogarik barik, tabernen irudia eta izena zikinduz”.
Gaineratu dutenez, abuztuaren 14a aurretik tabernariak kezkatuta zeuden jaiak zetozelako, eta udalari euren kezkak helarazi zizkioten: “Beste herri batzuetan egin antzera, hainbat bidetatik helarazi genion gure kezka udalari, eta neurri bereziak hartzea proposatu genion”. Udalak, baina, ez ziela erantzun azaldu dute, eta “arduratuta”, bakoitzak bere neurriak hartu zituen: “Tabernok segurtasun neurriak bermatzen saiatu behar dugun arren, ez dugu uste polizia lana ere gure gain jauzi behar denik”.
Udalaren jarreraren “kontra”. Lau tabernek sinatutako oharrean, udalaren jarrera “gogor” salatu dute. Izan ere, uste dute udalak ere baduela erantzukizuna: “Udalak bazeukan arriskuaren berri, eta ezer ez egitea erabaki zuen. Ez da ardura eta erru guztia Juan Kaltzadako tabernena izan”. Hori horrela, kalearen “kriminalizazioarekin” amaitzeko eta “esandako gezurrak eta informazio okerrak” zuzentzeko eskatu diete komunikabide eta agintariei.
Eurek, bitartean, lanean jarraituko dutela adierazi dute, “guztien artean segurtasun neurriak bete daitezen, eta tabernari eta bezeroen osasuna bermatzeko”. Gaixorik dauden gernikar guztiei eta ordu luzez probak egiten ari diren osasun langile guztiei euren animoak bidali dizkiete.