Talaia inguruan baranda berriak ipini ditu Elantxobeko Udalak
Aluminio galbanizatudun barandekin ordezkatu dituzte egurrezko baranda zaharrak. Faseka udalerriko baranda guztiak aldatzeko asmoa daukatela esan du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak.
Talaiako barandak aldatzeko lanak amaitu ditu Elantxobeko Udalak. Aurretik zeuden egurrezko barandak alumino galbanizatuagaz egindakoengatik ordezkatu dituzte. “Elantxoben baranda nahiko zaharrak ditugu, orain dela 20 bat urte jarritakoak; egurrezkoak dira eta egoera nahiko txarrean daude. Aurreko agintaldian hasi ziren neurriak hartzen, eta zati hau oraingoan amaitu dugu. Hurrengo urteetan denari buelta emateko esperantza daukagu. Baranda guztiak berritu gura ditugu, eta faseka egingo da, asko direlako”, azaldu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak.
Beraz, lehen fasea izan da honakoa, eta 30.000 euroko aurrekontua bideratu dute. Lanak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren Azpiegitura sailaren diru laguntza jaso du udalak.
Alkateak esan duenez, udalerriko baranda guztiak aldatzeko asmoa daukate, eta lau fase izatea aurreikusi dute. Datorren urtean osatu nahi dute hurrengo fasea, eta orduan, Hamalaubide kalekoak, Txorrotxutik Talaiarako bidekoak eta Adarre auzokoak berrituko dituzte.