Kazetariek euskaraz lan egiteko bermea eskatu diote Jaurlaritzari
Euskaraz lan egin eta informatu ahal izateko, Jaurlaritzako hurrengo arduradunak euskaldunak izan daitezela eskatu dute 355 kazetarik
Euskal kazetaritza profesionalari euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaio, eta herritarrei euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaie. Euskal komunikabideetan lan egiten duten 355 kazterik manifestua sinatu dute, eta horren berri eman zuten abuztuaren 27an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak irakurri zuten adierazpena, eta Jaurlaritza berria osotu behar duten honetan, euskaraz hitz egiten duten sailburu eta arduradunak izendatzeko eskatu dute.
Sinatzaileek adierazi dutenez, euskaraz behar dute informazioa, “pandemiak eragindako azken neurriei buruz informatzeko, ezusteko gertakarien ondoko ekinbide ofizialak jakinarazteko eta hartzen diren erabakien berri gizarteari emateko”. Diotenez, euskarazko adierazpen irakurriak ez dira nahikoak. “Ez dira nahikoak euskaraz ari garen komunikabideetako profesionalentzat eta, batez ere, ez dira nahikoak informazioa euskarazko komunikabideetatik jasotzen duten herritarrentzat”. Nabarmendu dute arduradunen «betebeharra» dela informazioa eta zehaztasunak euskaraz ematea, baita kazetarien galderei euskaraz erantzutea ere.
Euskal Herriko hedabide eta tokiko komunikabideetan lan egiten duten kazetariek egin dute eskaria, tartean Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak [Hemen zerrenda, Berria egunkariak argitaratuta].
Berdintasun eza. Manifestuan adierazi dute «berdintasun defizit bat zuzentzea lortzeko helburua» dutela eskaerarekin: «Ezaguna da euskaraz lan egiten dugun kazetariok, euskaraz egite hutsagatik eta gure hizkuntzaren egoeragatik, urteetan iraun duen desberdintasun egoera batean ari garela lanean». Azaldu dute «herritar guztion ardura» dela euskara normalizazio «osora» eramatea, baina zeregin horretan «lehen mailako erantzukizuna» dutela erakunde publikoek.
Manifestuan gaineratu dutenez, “euskaraz ari garen kazetariok badaukagu egiteko profesional bat, eta gainontzeko medioek egiten duten gauza berbera da. Nahi duguna da informatu egiazkotasunez, zehaztasunez eta ahalik eta modu eraginkorrenean”. Horretarako, diote, derrigorrezkoa zaie galderak egitea, albistearen sorburura jotzeko. “Hor badago ezin bat, aspalditik datorrena eta azken hilabeteotan areagotu egin dena”.
Arduradunek ere badituzte «betebeharrak», ordea: «Iritzi publikoari informazioa eta zehaztasunak ematea. Eta hori bi hizkuntza ofizialetan egitea». Galderen erantzunetan ere jarri dute arreta: «Kazetariaren betebeharra da galderak egitea; arduradun politikoen erantzukizuna, berriz, horiei erantzutea. Baita euskaraz ere».
Eskaria orokortu daitekeela ere esan dute, eta tokiko komunikabideen kasuan, gauza bera eskatu dakiekela udaletako arduradunei.