Maskara derrigorrezkoa izango da LH1etik aurrera, "maskaren erabilera indartzea garrantzitsua delako". Hezkuntza Sailak beste mila irakasle kontratatzea aurreikusi du.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturteari buruzko argibideak eman ditu gaur goizean, eta ikasturte hasiera era mailakatuan egingo dela zehaztu du. Hori horrela, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak eta Batxilergokoak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an.
Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBH1 eta 2ko ikasleek hasierako planifikazioa jarraituko dute: irailaren 7an itzuliko dira. Hezkuntza presentziala izango da eta ordutegia ez da jarraitua izango Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
Lanbide Heziketako zentroetan ere ez dute hasiera data mantenduko, “tailerrak eta lantokietako praktikak antolatu behar direlako”. Goi mailako zikloetan, hilaren 14an bueltatuko dira bigarren mailakoak eta hilaren 16an, berriz, lehenengo mailakoak. Erdi mailako zikloak beranduago hasiko dira: bigarren mailakoak irailaren 21ean, eta lehen mailakoak 23an.
Maskaren erabilera indartzea “garrantzitsua” dela uste du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta horretarako neurriak hartu dituzte. Hori horrela, maskara derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gordetzen bada ere. Haur Hezkuntzan ez da derrigorrezkoa izango, baina “posiblea den kasuetan” erabili beharko dute. Irakasleen kasuan, maskara erabili beharko dute beti.
Baliabide gehiago. Hezkuntza sailburuak ikastetxeetan baliabide gehiago jarriko dituztela azaldu du. Zehazki, 1.000 irakasle gehiago kontratatzea aurreikusi dutela esan du, geletan ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako: “Momentu honetan ikusten ari gara nolako beharrak egon daitezkeen”.
Irakasleak ez ezik, zenbait ikastetxek espazio gehiago ere beharko dituztela uste du Uriartek. Hala, Hezkuntza sailak udalen instalazioak uzteko “lankidetza” eskatu diola EUDELi azaldu du sailburuak: “Hezkuntza Sailak EUDELi eskatu dio udalen lankidetza udal-instalazioak lagatzeko, ikastetxe batek bere hezkuntza-jarduera garatzeko espazio gehiago behar duen kasuetarako”.
Ikastetxeen kudeaketan ere, ikastetxe bakoitzak arduradun bat izango duela jakinarazi du Uriartek, ” COVID-19rekin lotutako alderdiak lantzeko”. Pertsona hori, zentroko zuzendaritzarekin batera, Osasun Publikoarekiko koordinazioaz arduratuko da. Halaber, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko ESI bat izango du (Erakunde Sanitario Integratua).
Jokabidea. Ikasgeletan positiboak agertzen direnean nola jokatuko duten ere azaldu du sailburuak. Ez dute eskolara joan beharko COVID-19aren sintomak dituzten ikasleek eta langileek, ezta berrogeialdian daudenek ere. Ikasleei ikastetxean daudenean sintomak agertzen bazaizkie, aparteko gela batera eramango dituzte, maskara jantziko zaie eta familiek osasun zentroarekin harremanetan jarri beharko dute.
Positibo emanez gero, bi egoera zehaztu dituzte: haurra bizikidetza talde egonkorrekoa denean, kontaktu estutzat hartuko dituzte taldeko pertsona guztiak; bizikidetza talde egonkor batekoa ez denean, berriz, ikastetxeko harreman estuak identifikatuko dituzte. “Osasun Publikoko Zerbitzuak eta Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak balioetsiko du ea irakasleak eta ikastetxeko langileak kasu baieztatuaren kontaktu estutzat hartu behar diren”. Kontaktu estutzat dituzten pertsonei “jarraipen aktiboa” egingo diete, eta etxean egon beharko dute.
Ikasketxe batean hiru kasu baino gehiago agertuz gero, hiru egoera aurreikusi dituzte: agerraldi “kontrolatuak”, agerraldi “konplexuak” edota “kontrolik gabeko” transmisio komunitarioa egotea. Lehenengo egoerak transmisio kateak “ondo zehaztuta” egoteari egiten dio erreferentzia. Hala, kontaktuak identifikatu eta bakartuko dituzte. Bigarren egoeran, transmisio kateak identifikatzea ez da erraza izango, eta positibo bat baino gehiago agertuko dira. Kasu horretan, positiboen arteko lotura aztertuko dute, eta beste neurri batzuk hartzea aztertu beharko dute: berrogeialdia gorde behar duten taldeak handitzea edota gelak ixtea esaterako. Kontrolatu gabeko transmisioa gertatzen bada, arriskuak ebaluatuko dituzte. Orduan erabakiko dute ikastetxeko eremu bat edo ikastetxea bera itxi behar den edo ez.
Egoeraren bilakaeraren jarraipena egiteko, balorazioa egiteko, neurriak hartzeko edo aurreikusitako ekintzak modulatzeko, astero bilduko den Jarraipen Batzorde bat egongo da lurralde bakoitzean, Osasun Publikoak eta Hezkuntza Sailak osatua. Gainera, Hezkuntza-COVID Aholku Batzordea ere eratuko da.
Segurtasuna. Aurreko ikasturtean ikastetxe batzuetan aurrez aurreko jarduera hastean egin bezala, Hezkuntza Sailak hezkuntza-jarduera bermeekin garatzeko behar den higiene- eta segurtasun-materiala emango die ikastetxeei. Hain zuzen, Hezkuntza Sailak hilero 500.000 maskara bidaliko ditu ikastetxeetara: “Ikasturtea hasi baino lehen, 800.000 maskara kirurgiko bidaliko dira.
Gainera, gela egonkorretarako eta langile espezializatuentzako norbera babesteko ekipamenduak banatuko dira, batez ere, ffp2 motako maskarak, pantailak eta nitrilozko eskularruak. Gel hidroalkoholikoari dagokionez, hilean 5.000 litro banatuko dituzte; iraileko lehen astean 500ml-ko 10.000 pote banatuko dituzte hain zuzen.
Ikastetxeak garbitzeko, Hezkuntza Sailak enpresa esleipendunekin adostu du hasieran aurreikusitako zerbitzua handitzea. Hori horrela, zentro guztiek garbiketako langileak izango dituzte goizeko ordutegian, komunen eta gainazalen garbiketa indartzeko (heldulekuak, botoiak, barandak, etengailuak, etab.).
Halaber, kontakturik gabeko termometro digital berrien banaketa egingo da ikastetxeetan, “behar bereziak asetzeko”; hau da, eraikin bat baino gehiago duten ikastetxeak asetzeko, edota ikasle asko izateagatik termometro bat baino gehiago bahar dutenentzako.