Etxondo eta Goienengotik Parke Geologikoko bidegurutzeraino doan bidea noranzko bakarrean jarri dute
Muruetako Udalak "mugikortasun segurua" bermatu gura du, eta era berean, auzotarren bizi kalitatea hobetu.
Muruetako Udalak Etxondo eta Goienengotik Parke Geologikoko bidegurutzeraino doan bidea noranzko bakarrean jartzea erabaki du, bertako auzotarrekin izandako batzar baten ostean. Orain, bide horretatik igo ahal izango da, baina jaitsi, berriz, egoiliarrek eta baimendutakoek baino ezingo dute egin.
Udaletik azaldu dutenez, mugikortasun segurua bermatu gura dute, bai eta herritarren bizi kalitatea hobetu ere. “Azkenaldian segurtasun arazoak egon dira bide horretan. Gero eta ibilgailu gehiago ibiltzen dira bertatik, batez ere, uda sasoian, Parke Geologikora eta Teilerira joateko”, azaldu du Julen Karrion alkateak.
Orain arte modura, Larrabe auzotik sartu eta irten ahal izango da bi noranzkoetan, “ibilgailuak gurutzatzeko bide seguruagoa baita”.