Metal doinuak bueltatuko dira Astrara
Abuztuaren 1ean Metal Fabrikak metal musikaz beteko du Astra. Bertaratzen direnek Bullets of Misery eta Etorkizun Beltza taldeen kontzertuez gozatu ahalko dute.
Metal musikaren jarraitzaileen topagunea izango da Astra abuztuaren 1ean. Laugarren denboraldia du Metal Fabrikak, eta denboraldiko bigarren saioan Gernika-Lumoko Bullets of Misery eta Etorkizun Beltza ariko dira, eta DJ Welderrek musikatuko du kulturarako fabrika soziala kontzertu tarteetan. Astrako jaialdia 21:00etan hasiko da.
Sendotzen doan jaialdiak laugarren urtea bete du aurten. Azaroaren 30ean egindako saioagaz hasi zuten denboraldia, eta “hasiera ezin hobea” izan zela diote antolatzaileek. Koronabirusaren ondorioz, baina, oztopoei aurre egin behar izan diete: “Laugarren denboraldiari hasiera ezin hobea eman genion baina bukaera ez da horrelakoa izan COVID-19aren ondorioz. Itxialdia hasi genuen asteburuan, laugarren denboraldiko bigarren saioa genuen antolatuta, eta bertan behera geratu zitzaigun”. Maiatzerako ere beste jaialdi bat zutela prestatuta adierazi dute, eta hori ere “zoritxarrez” ezin izan zela ospatu azaldu dute.
Hala ere, ez dute amore eman, eta Metal Fabikako bigarren saioa egin ahal izango dute. “Kontrastez beteriko gaua izango da, batuko diren musika estilo desberdinengatik eta zuzeneko metal musika bizitzeko modu bereziagatik”.
Herriko taldeei lekua. Hala, abuztuaren 1ean herriko taldeak ariko dira oholtza gainean. Bullets of Misery taldearen death doinuak entzuleen belarriak astinduko dituzte. Euren azken diskoa aurkeztu zuten joan den denboraldia, baina oraingoan berrikuntzekin datozela zehaztu dute antolatzaileek: “Ahotsa eta baxua aldatu eta gero, hemen izango dugu etxekotzat dugun talde bortitza”.
Eurekin, Etorkizun Beltzak musikatuko du gaua. “Hauen heavy metal doinuek beste kutsu bat emango diote gauari”, esan dute antolatzaileek, eta euren lan berria aurkeztuko dutela gaineratu. Ekaitzen osteko sua deitzen da taldearen azken lana, eta lehen aldiz zuzenean entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Ohi legez, metal musika momentu guztian jartzeaz arduratuko da DJ Welder.
Neurri zorrotzak. Aurreko jaialdiak bertan behera geratu ostean, Astra beteko dute metal musikaz. Baina neurri zorrotzak zehaztu dituzte: “Ezin dugu lortutakoa zapuztu, horregatik, neurri zorrotzez beteriko jaialdia antolatu dugu”. Hala, sarrera 60 pertsonentzat egongo da mugatuta, eta musika emanaldiak jesarrita jarraitu beharko dituzte. Taberna zabalik egongo dela zehaztu dute, baina beharrezko neurriak hartuta egin beharko dira eskariak.
Sarrerak aurrez aldetik erosi ahalko dira Ospa Tabernien, eta egunean bertan ere eskuratu ahalko dira.