Finantza erakundeetako zerbitzu murrizketaren kontra agertu dira pentsiodunak
Pentsiodunek finantza erakundeei eskatu diete "alferreko itxaronaldi eta ilarekin" amai ditzatela, sukurtsalak irekiz eta horretarako behar diren langileak sartuz.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak adineko pertsona eta pentsiodun askoren kexak helarazi dizkiete finantza erakundeei, euren zerbitzua murrizteak adinekoi sortzen dizkieten arazoak zehaztuz.
“Sukurtsalak ixteak eta horietan langilerik ez egoteak zerbitzuetarako sarbidea zailtzen dute, eta gure ustez beharrezkoak ez diren eta arriskutsuak diren ilarak eta itxaronaldiak sortzen dituzte”, salatu dute pentsiodunek.
Gaur egun, banku zerbitzua zerbitzu publikoa dela azpimarratu dute, eta hala ulertu behar dutela zerbitzua ematen duten erakundeek diote: “Zerbitzu ordezkaezina da, eta, bereziki, arreta presentziala behar du adinekoentzat”. Finantza sektorearentzat eurek lortu beharreko onurak direla lehentasuna diote pentsiodunek, eta horrek kostuak ezabatzea dakarrela salatu dute, “zerbitzuak eta langileak murriztuz”. Eta egoera hori interes kolektiboa lehenesten duen zerbitzu publikoa ematen duen baku publikorik “ez izatearen ondorioa” dela adierazi dute.
Hori horrela, finantza erakundeei eskatu diete “alferreko itxaronaldi eta ilarekin” amai ditzatela, sukurtsalak irekiz eta horretarako behar diren langileak sartuz: “Egoera horri konponbidea emateko dei publikoa egiten diegu finantza erakundeei, merezi ez dugun egoera hori berehala konpon dadin”.
Izan ere, bulego horietako langileen lana aitortu dute, baldintza okerretan lan egiten dutela eta lan karga handia dutela azpimarratuz: “Sukurtsalak zaintzen dituzten pertsonen lana aitortzen dugu, gero eta baldintza okerragoetan egiten baitute lan, lan-karga handiagoagaz eta egoera horrek sortzen dituen arazoak jasaten dituzte gehiegitan”.
Gainera, erabiltzaileek eta langileek beren jardueran osasuna bermatzeko beharrezkoak diren prebentzio baliabideak izan behar dituztela adierazi dute.