Santimamiñe eguna ospatuko dute zapatuan
Kobazuloaren kanpoaldean historiaurreko soinekoei buruzko erakustaldi tailerra eta kontzertua egingo dituzte.
Santimamiñe eguna ospatuko dute zapatuan kobazuloaren kanpoaldean. Haitzuloko pinturen gaberaren aurkikuntza, bertako ikerketen hasiera eta UNESCOk Santimamiñe Gizateriaren Ondare izendatu izana gogoratuko dute bertan. Horretarako, programa berezi bat prestatu dute, historiaurreko soinekoei buruzko erakustaldi tailer batekin eta ostean egongo den kontzertu batekin.
Tailerra 12:15etan izango da, eta ordubeteko iraupena izango du. Mikel Agirre Ruiz de Gopegi arkeologoak gidatuko du, eta larruak lortzeko eta ontzeko teknikak eta prozesua azalduko ditu. Erakustaldian arkeologoak historiaurrean garatu ziren gaitasun eta teknika handiak azalduko ditu, baita oraindik erabiltzen ditugun jantzi mota batzuen jatorri urruna ere: mokasinak, alkandora arinak, parkak, anorakak, etab. Besteren artean, josteko hariaren elaborazioa, eta josteko eta mozteko eta karrakatzeko tresna erabilgarriak ekoizteko beharrezkoak ziren orratzak eta hezurrezko puntzoiak egingo dituzte. Izan ere, jantziak egiteko erabilitako materialak, teknikak, estiloak eta moda guztiek lotura estua izan dute historian zehar egon den klimagaz, geografiagaz eta, batez ere, giza taldeen gizarte-osaeragaz.
Tailerraren bukatuta, Herri musikaren harribitxiak kontzertua egongo da. Aitor Urkizak eta Iker Alvarezek osatutako bikoteak errepertorio tradizional eta herrikoiko lanak eskainiko ditu, “formatu txikian”, eta estilo eta jatorri ezberdinetako musika piezak uztartuta.
Edukiera mugatua denez, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, 944 651 657 telefonora deituta edo santimamine@bizkaia.eus helbidera mezu bat bidalita. Halaber, 12:00etan informazio-gunera joan beharko da; musukoa nahitaez erabili beharko da eta gutxieneko distantzia gordetzeko gomendioa zaindu beharko da.