Urdaibaiko bizitza alternatibak, aztergai
Urdaibairako bizitza alternatibak jorratuko dituzte udako topaketetan. Uztailaren 27 eta 28an gauzatuko dituzte ikastaroak Busturiko Madariaga Dorretxean.
Gernika Gogoratuz-ek, Euskal Herriko Unibertsitateagaz elkarlanean, V. Udako Topaketak antolatu ditu uztailaren 27 eta 28rako Busturiko Madariaga Dorretxean.
Lurraldea Pentsatzen. Garapen estrategiak eta bizitza alternatibak Euskadi eta Urdaibairentzat lelopean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako euskal hauteskundeen ondoren, parte hartzaileekin beste globalizazio baten eraikuntzari buruz eztabaidatzea proposatzen dute.
Jakinarazi dutenez, eragile anitzen artean ikuspegi eta proposamen desberdinak partekatzeko espazio berri bat errazteko helburuagaz antolatu dituzte topaketak, “batez ere bazterturiko sektoreekin edo eztabaida horietan gutxiago parte hartzen dutenekin eta bizitza alternatiba hobeen alde lan egiten dutenekin”.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Urdaibairen etorkizunari buruz hausnartzeko eta jarduteko gaitasuna duten, eta elkarren artean erlazio sareak eta espazio komunak sortzeko gaitasuna duten aktoreak egotea bilatu dute. Hori horrela, dinamika positiboak sortu gura dituzte, gobernu eta administrazio publiko desberdinak eta gizartearen sentsibilitate desberdinak bateratzeko gai den proiektu komun bat formulatzeko helburuagaz.
Hasierako hitzaldia Juan Jose Ibarretxe Lehendakari ohiak egingo duela jakinarazi dute, eta “Euskadi Munduko Plazan” izeneko saioa eskainiko du.
Gernika Gogoratuzek beka-programa bat eskaintzen du joan nahi dutenentzat. Bekei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 94 625 35 58 telefonora deitzeko eskatu dute.
Egitaraua:
Uztailak 27:
– 08:45-09:00. Ongietorria.
– 09:00-09:30. Jardueraren zuzendaritzaren aurkezpena Maria Oianguren Idigoras Gernika Gogoratuzeko zuzendariagaz.
– 09:30-10:30. Euskadi en el mundo y el mundo en Euskadi Juan José Ibarretxe Lehendakari ohiak zuzenduta.
– 10:30-11:30. Sociedad vasca, diversidad y cohesión hitzaldia Carlos Askunze eta Arantza Fernandez de Garaialdegaz.
– 11:30-12:00. Atsedenaldia.
– 12:00-13:00. Gatazkan dauden lurraldeak. Urdaibain garatutako ikerketa proiektuari buruzko hitzaldia Roberto Bermejo eta Miren Onaindia EHUko irakasleekin.
– 13:00-14:00. Hausnarketak.
– 14:00-16:00. Geldiunea.
– 16:00-18:00. Gatazkan dauden lurraldeak. Urdaibai ikus-entzunezkoa.
Uztailak 28:
– 09:15-09:30. Aurkezpena Jokin Alberdi EHUko irakaslea
– 09:30-10:30. La cultura vasca en la era digital eztabaida Ramón Zallo EHUko irakasle ohi eta Luis Rodriguez kazetari eta idazleagaz.
– 10:30-11:30. Los retos de la convivencia tras el fin del conflicto vasco hitzaldia Imanol Zubero EHUko irakasle eta Luisa Etxenike idazleagaz.
– 11:30-12:00. Atsedenaldia.
– 12:00-13:00. Bertso saioa Onintza Enbeita eta Ander Elortegigaz.
– 13:00-14:00. Eztabaidak parte hartzaileekin.
– 13:50-14:00. Sintesia.