Eguenean zabalduko dituzte Santanapeko igerilekuak
Orduko zortzi pertsona egon ahalko dira igerian, bakoitza bere aldetik eta modu antolatuan.
Gernika-Lumoko Santanape kiroldegiko bi igerilekuak eguenetik aurrera egongo dira erabilgarri.
Muga askorekin zabalduko dituzte, eta aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da, gutxienez bi egun lehenago, hurrengo telefono zenbakira deituta: 94 627 00 45.
Estalitako bi igerilekuetan orduro zortzi pertsona egon ahalko dira igerian, bakoitza bere aldetik eta modu ordenatuan. Igerileku handian, bi kaleetako bakoitzean pertsona bakarra egongo da igerian. Igerileku txikian ere, pertsona bakarra egon ahalko da, erabiltzaileak familia berdinekoak ez badira; familia unitate batekoak izanez gero, ez da pertsona mugarik egongo.
Udal arduradunek zehaztu dutenez, uretan gehienez 30 minutu eman ahal izango dira bi igerilekuetan, “erabiltzaileen txandakatzea errazteko”. Gainera, erabiltzaileek armairuak eta aldagelak erabili ahal izango dituzte.
Igerilekuak 08:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 22:00etara egongo dira zabalik astelehenetik barikura bitartean. Zapatuetan 08:00etatik 13:00etara egongo dira erabilgarri, eta jai egunetan itxita egongo dira. Eguerdian geldialdia egingo dute, garbitzaileek aldagelak, armairuak eta koomunak desinfektatu ditzaten.
Hobekuntzak. Gernika-Lumoko udal arduradunek zehaztu dutenez, igerilekuen irekieraren aurretik, Kirol Patronatuak hobekuntzak egin ditu bietan, kaleen lerroak mugatzen zituzten baldosak ordezkatu eta beiraztatu dituelako.