Eguaztenean zabalduko dute Santanape kiroldegia
Edukiera mugatuagaz zabalduko dute kiroldegia, eta aldez aurretik hitzordua eskatuta baino ezin izango da sartu.
Eguaztenean zabalduko dute Gernika-Lumoko Santanape kiroldegia. Udalerriari bizitasuna itzultzeko plana antolatzea “garrantzitsua” dela esanda, kiroldegia berriro irekitzeko plana aurkeztu du udalak: “Uda hau oso bestelakoa izango da, Covid- 19ren mehatxuagatik. Horregatik da hain garrantzitsua udalerriari bizitasuna itzultzeko plan bat antolatzea”.
Muga asko izango ditu eta aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da kiroldegiko 94 627 00 45 telefono zenbakira deituta; gutxienez bi eguneko aldeagaz eskatu beharko da hitzordua. Hala ere, laster onlineko erreserben zerbitzua martxan jartzea aurreikusi dute arduradunek. Gainera, jakinarazi dutenez, kirol-instalazioetara hitzordua eskatu eta gero ez joatea zigortu egingo dute, hurrengoan beranduago sartzea eraginez.
Kiroldegia zabalik egongo da astelehenetik barikura, 08:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 22:00etara bitartean, eta zapatutuan 08:00etatik 13:00etara arte. Igande eta jai egunetan, berriz, itxita egongo da. Eguerdian geldialdia egingo dute, garbitzaileek aldagelak, armairuak eta komunak desinfektatu ditzaten.
Guztira, 28 lagunentzako lekua egongo da. Hala, muskulazioko eta fitness-eko bi gimnasioen kasuan, orduko 20 erabiltzaileri bakarrik emango zaie baimena, erabiltzaileen distantzia bermatzeko osasun-neurrien arabera. Bi igerileku estaliak uztailean irekiko dira, eta 8 pertsonak erabili ahal izango dituzte, bereizita eta modu antolatuan. Bi kaleetako bakoitzean pertsona bakarra egongo da igerileku handian, eta pertsona bakarra txikian. Hala ere, igerileku txikian familia unitate bakarra badago, ez da erabiltzaileen mugarik egongo. Zehaztu dutenez, uretan gehienez 30 minutu egon ahalko da, “erabiltzaileen txandakatzea errazteko”.
Arauak. Igerilekuetako erabiltzaileek armairuak eta aldagelak erabili ahal izango dituzte; gimnasiokoentzat, berriz, ez da baimenduta egongo. Gainera, gimnasiora bi eskuoihal eraman beharko dituzte erabiltzaileek, bat makina estaltzeko eta bestea izerdia lehortzeko. Ezingo dira kirol-poltsak eraman, “bakarrik kirol-jarduera egiteko behar direnak”.
Kiroldegiaren sarreran, erabiltzaileek eskuak garbitu beharko dituzte instalazio bakoitzaren kontrol-gunean aurkituko duten gel hidroalkoholikoagaz. Gainera, oinetakoak desinfektatu beharko dituzte. Maskara derrigorrezkoa izango da instalazioetara sartzeko, eta ekitaldiaren hasieran eta amaieran erabili beharko da. Halaber, kiroldegian sarrera- eta irteera-zirkuituak ezarriko dira, “itxaroteko espazioak mugatuz”.
Bestalde, kiroldegiko langileek aurpegiko maskarak, pantailak edota gel hidroalkoholikoa erabiliko dute “hala behar izanez gero”, eta eurak izango dira instalazioen eta igerilekuen funtzionamentu egokia bermatzeaz arduratuko direnak.