Zesta ikuskizuna hastera doa
2020ko Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuitua aurkeztu dute goizean, Bilbon. Diego Beaskoetxea, Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernikarrek parte hartuko dute, beste behin. Bariku honetan Markina-Xemeinen hasiko dute denboraldia.
Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuituak ez dio hutsik egingo urteroko hitzorduari. COVID-19k eragindako egoerak formatua eta egutegia aldatzea ekarri badu ere, zesta-punta zirkuitua barikuan abiatuko dute Markina-Xemeingo Uni frontoian.
Jai Alai World Tourrek abendura arte luzatuko du bere aurtengo egutegia. Gutxienez zazpi txapelketa izango ditu, eta beste behin, munduko zestalaririk onenek osatutako kartelagaz dator. Gaur gaurkoz, proba hauek daude baieztatuta: Markina-Xemeingo Masterra, Lekeitioko Masterra, Hondarribiko Grand Slama, Gernikako Grand Slama, Donostiako Grand Slama, Bartzelonako Opena eta Berriatuko Banakakoa. Era berean, antolatzaileak lanean ari dira beste txapelketa batzuk baieztatzeko, tartean, Mutrikuko Opena eta Zumaiako Masterra, besteak beste.
Munduko Pilota Batzarrak antolatzen du Jai Alai World Tour zirkuitua, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, eta erakunde hauek gaur goizean aurkeztu dute aurtengo edizioa, Bilboko Ola Martin Berasategui jatetxean. Zirkuituan ariko diren hainbat puntista egon dira, tartean, Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerika gernikarrak.
Zirkuituko txapelketa bakoitzak bere Segurtasun Protokoloa izango du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioetan oinarritua eta antolakuntzan dabiltzan erakundeen artean adostua. Bertan, ekitaldia egiteko baldintzak zehaztuko dira: zaleen sartu-irtenak, edukiera, komunen erabilera, etab. Zirkuituko lehen partiduak, hilabete honetan egingo direnak, % 60ko afororoagaz egingo dira, eta ikusleak musukoa eraman beharko dute.
Behin behineko egutegia:
- Markinako Masterra: uztailak 10, 16 eta 19.
- Lekeitioko Masterra: irailak 4 eta 6.
- Hondarribiko Grand Slama: irailak 18 eta 25, eta urriak 2, 9 eta 16.
- Gernikako Grand Slama: urriak 10, 17, 24, 26 eta 31.
- Donostiako Masterra: azaroa.
- Bartzelonako Opena: azaroa.
- Berriatuko Banakakoa: abendua.
Munduko Pilota Batzarreko presidente Fernando Azkaratek nabarmendu du zailtasunak zailtasun, maila handiko zirkuitua osatu dutela: “Une honetan zazpi txapelketa baieztatuta ditugu, eta horiei, seguruena beste proba batzuk gehituko zaizkie, guztiak ere ohikoak zirkuituan. Horrekin batera, nabarmendu behar dugu munduko zestalaririk onenak izango ditugula gurean. Maila handiko kartela izango dugu eta, zailtasunak zailtasun, baja gutxi izan ditugu”. Besteak beste, Diego Beaskoetxea, Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernikarrek, Imanol Lopezek, Iñaki Osa Goikoetxeak, Aritz Erkiagak, Ibon Aldazabalek, Olharanek eta Zulaikak dagoeneko berretsi egin dute zirkuitua lehiatuko dutela. Era berean, Azkaratek Kepa Arroitajauregi zenak egindako ekarpena oroitu eta eskertu nahi izan du bere interbentzioan.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Jai Alai World Tour aurten ere egin ahal izatearen garrantzia aitatu du: “Une honetan, kirolaren eta pilotaren alde har dezakegun neurririk onena da normaltasuna pixkanaka berreskuratzea, betiere segurtasun-neurriekin zorrotz jokatuz. Jai Alai World Tour duela sei urte sortu zen zesta-punta sustatzeko bere sorlekuan, eta oso pozik gaude jasotzen ari den harrerarekin. Horregatik, garrantzizkoa zen aurten ere egin ahal izatea. Behin zirkuitua antolatuta, orain oso garrantzitsua da zaleak frontoietara etortzea eta, hala egiten dutenean, segurtasun-baldintzak errespetatzea”.