San Antonio hondartza inguruko zirkulazioa kontrolatuko du Busturiko Udalak
Abiñako auzokideek txartelak edukiko dituzte sartu ahal izateko, eta egunotan ari dira banatzen. 09:00etatik 20:00etara hesiak zarratuta egongo dira, eta auzokideak bakarrik sartu ahalko dira
Abiñako San Antonio hondartza inguruko zirkulazioa kontrolatzen hasiko da Busturiko Udala, gunea oinezkoentzat bihurtu asmoz. “Batez ere udan arazo handiak sortzen dira inguruan, denok gura izaten dugulako autoz joan hondartzaraino”, dio Busturiko alkate Aitor Aretxagak. Irtenbidea bilatu asmoz, zabaltzen diren hesiak jarri dituzte; bat BBKren Sukarrietako udalekuen sarrera ondoan ipini dute, eta bigarrena, Abiñako aldapa amaitzen den lekuan.
Abiñara joateko bidea estua dela gogorarazi du alkateak, eta autoak txarto aparkatuta egoten dira nonahi: “Gertatu izan da anbulantziak pasatu ezin izatea”. Bizkaiko Foru Aldundiagaz harremanetan jarri zirela dio alkateak, aukera desberdinak aztertzeko, eta mugikortasun azterketa bat egin zuten. Aukerarik “errazena” zirkulazioa kontrolatzea da, “hondartza denboraldiagaz batera sortzen baitira arazorik handienak”.
Nahiz eta ordenantzan hondartza denboraldia iraun bitartean 24 ordutan zarratuta egongo dela jarri duten, hesiek ordutegi bat edukiko dute. Momentuz honakoa izango da ordutegia: 09:00etatik 20:00etara. “Proba bat egin gura dugu”, dio alkateak.
Ordenantza “malgutasun osoz” egin dutela jakitera eman du, gainera; “ziurrenik gauza asko hobetzeko egongo direlako, eta unean une aldatzen joan gaitezke beharrizanen arabera. Ez dago zarratuta”.
Txirrina ere. Abiñako bizilagunek txartel bat edukiko dute sartu ahal izateko. Txartelak banatzen hasi dira, eta atariz atari ordena bat jarraituta, udaletxean batzen dabiltza. 25 lagun inguru dira bertan urte guztian bizi direnak, udan, hala ere, kopuruak gora egiten du. Denek txartelak jaso ostean jarriko dituzte martxan hesiak. Datorren astean izatea aurreikusi du udalak, uztailaren 13 eta 17a bitartean.
24 ordutan arreta ematen duen txirrin bat ere jarri dute, “edozein momentutan inork zerbaitengatik pasatu beharko balu aukera edukitzeko; Ertzaintza, anbulantziak, sorosleak, zerbitzuak…”.