Milica Ivanovic serbiarra, Gernikara
Milica Ivanovic serbiarra da 2020-2021 denboraldirako Lointek Gernika Bizkaiaren laugarren fitxaketa. 1,75m-ko eskoltak, taldeari “kanpoko lerroari esperientzia eta urrutiko jaurtiketa” ematea espero dute klubaren arduradunek.
Jokalari serbiar internazionala Campus Prometetik dator, eta ibilbide luzea dauka Europako ligetan eta Eurocupen. Bere ibilbide profesionaleko lehen pausua Serbiako ligan eman zuen, eta ondoren, Europako hainbat ligetatik pasa da; Errumanian, Uny Gyor hungariarrean, Alemanian eta Portugalen jokatu du. Prometera joan aurreko denboraldietan Angers eta Roche Vandee talde frantziarretan eta Friburgo suitzarrean aritu zen. Azken talde horregaz Eurocupen jokatu zuen, eta bataz beste, partiduko 16 puntu eta 3 errebote egin zituen.
Aurreko denboraldian, Emakumezkoen Ligan kantxan egondako bataz besteko 31 minutu eta 21 segundoetan, bataz beste 10,5 puntu, 2,5 errebote eta asistentzia bana eskuratu zituen. Bere “dohairik nagusietako bat urrutiko jaurtiketa” dela azpimarratu dute; aurreko denboraldian hiruko marratik 38% portzentaia lortu zituen.
Eskolta serbiarrak “oso pozik” dagoela adierazi du: “Jokalari eta talde teknikoagatik hitz onak besterik ez dizkidate esan. Lointek Gernika Bizkaia izaera handiko kluba da, beraz, anbizio oso handia eduki behar dugu zaleak garaipen eta joko ederraren bidez erakartzeko”.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak adierazi du esperientzia handiko jokalaria denez, “partida amaiera beroetan oso baliagarria” izango zaiola taldeari. “Horrez gain, puntuak sartzeko bere erraztasunak, eta batez ere bere hiruko jaurtiketa bikainak erasoan kantxa zabaltzeko aukera emango digu, barneko jokoan espazio gehiago utziz. Milica Ivanovic eta Laura Corneliusen fitxaketekin urrutiko lerroko mehatxua asko handiagotzen dugu zonakako defentsen aurka batez ere”.
Milica Ivanovicen fitxaketarekin Lointek Gernika Bizkaiak dagoeneko 9 jokalari ditu lotuta 2020/2021 denboraldirako. Talde gernikarrak “iazko multzoko bizkarezurra mantendu” nahi izan du Itziar Ariztimuño, Marta Alberdi, Belen Arrojo, Nogaye Lo eta Margaret Roundtreeren berritzeekin. Eta Roso Buch, Paula Ginzo, Laura Cornelius eta Milica Ivanovic fitxatu dituzte.