Ibarrangeluko Udalak bono kanpaina jarri du martxan
10 euroko eta 20 euroko bonoak kaleratu dituzte, eta Kultur Etxean eskuratu behar dira.
Ibarrangelu Elkar Laguntzen kanpainaren barruan Ibarrangelu bonoak kaleratu ditu udalak. Azaldu dutenez, kanpaina honegaz “bertan bizi eta bertan erostea bultzatu” nahi dute, herritarren arteko “laguntasuna” eta bertoko produktu eta ekoizleei laguntzeko kontsumoa bultzatuz.
“Oraindik jasaten ari garen Covid19ren pandemiaren eragina handia izan da, bai geure bizian, osasun esparruan, arlo sozialean, bai eta arlo ekonomikoan ere. Geure herriko sektore ekonomikoari laguntzeko, Ibarrangeluko udalak haibat ekimen eta erabakiak onartu zituen apirilean eta ekainean egin ziren osoko bilkura telematikoetan”. Zuzeneko diru laguntzak jasotzeko prozedura ireki zuten maiatzean. Ondorioz, 21 merkatari eta autonomoek 900 €ko dirulaguntza jaso dute. Une honetan, sektore ekonomikoa martxan ipintzen ari da barriro eta fase honetan ere Ibarrangeluko Udalak ekimen barriak ipiniko ditu martxan. Horietako bat da bono kanpaina, eta horretan herriko merkatari txikiek eta oinarrizko zerbitzuek parte hartu ahal izango dute.
Herrian kontsumoa sustatzeko kanpaina honetara, interesatuta dauden ostalari establezimenduek, ileapaindegiak, taxi zerbitzuak, herriko dendak eta farmaziak parte hartu ahal izango dute, “beti ere, Eusko Jaurlaritzak ezartzen duen arauen ildotik”. Farmaziaren kasuan ezin izango dira erosi produktu sanitarioak.
Pertsona bakoitzak gehienez jarduera bakoitzeko bono bi erosi ahal ditu. Bonoak Kultur Etxean eskuratu ahal dira, agortu bitartean eta abenduaren 31a arte gastatu ditzakete herritarrek. Balioaren erdia Ibarrangeluko Udalaren kargu izango da. Hau da, 10 euroko bonoa hartzean, 5 euro ordainduko dituzte herritarrek eta 20 eurokoa 10 eurotan eskuratuko dute. Ostalaritzarako eta merkataritzarako 10 euroko eta 20 euroko bonoak daude, taxi zerbitzurako, berriz, 20 euroko bonoak daude bakarrik.