Ibarrangeluko Udalak 28 langabe kontratatu ditu udako hilabeteetarako
Aurreko urteetan baino jende gehiago kontratatu du udalak, egungo beharrizanei aurre egiteko.
Urtero uda sasoiko zenbait behar egiteko udalerriko langabeak kontratatzen ditu Ibarrangeluko Udalak, baina, aurten osasun krisiak eragindako beharrizanak direla eta, aurreko urteetan baino dozena bat pertsona gehiago kontratatu dituzte. 28 langabe ari dira lanean, hiruzpalau hilabeterako kontratuagaz.
Aldi baterako lanaldiak badira ere, “momentu gaitz honetan”, herriko langabeei laguntzeko onuragarriak direla deritzote udal arduradunek. “Udalerrian enplegu planak egiten ditugu, eta udan udalak eskaintzen dituen zerbitzuak betetzeko langabeak kontratatzen ditugu: garbiketa lanetarako, kanpinerako, hondartzako sarbideetarako eta komunen garbiketetarako… Aurten hondartzetako komunetako garbiketa indartu egin dugu beste hiru pertsona kontratatuta, eta hondartzetako aparkalekuen sarrera-irteerak kontrolatzeko, aurrekoetan baino beste bi pertsona gehiago hartu dira. Aipatu hiru gune horiez gain, udal brigadarako ere jendea hartzen dugu mantenimendu lanetarako”, azaldu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
COVIDaren aurrean hainbat neurri hartu dituztela gogoratu du: “Esaterako, Hondartzen sarbideen zaintza edukitzea garrantzitsua da, era ordenatuan aforoen kontrola edukitzeko. Bestalde, hondartzetako komunetan egunero langileak desinfekatzen egoten dira, baina horrez gain, astean behin desinfekzio profesionala egiten dugu”.