Gaur hasi dira udako nekazal azokak, Busturian
Eguaztenero, Axpeko plazan egongo dira 09:00etatik 12:00etara.
Gaur hasi eta irailaren amaierara arte, eguaztenero, bertoko ortuariak erosteko aukera egongo da Busturian; izan ere, martxan dira udako nekazal azokak. Beharrezkoak diren osasun eta segurtasun neurriak beteta egin ari dira azoka.
Urtero legez, Axpen jartzen dute azoka, udaletxe ondoko plazan eta 09:00etatik 12:00etara daude. Aurten, gainera, ortuariez gain, eskuz egindako maskarak ere aurki daitezke. Elena Filibi Romero jostun busturiarrak aukera ikusi du aurten, eta erakusmahai bat jartzea erabaki du. Mota eta tamainu ezberdinetako maskarak eskaintzen ditu, berrerabilgarriak. “Maskara guztiek poltsikoa daukate behar denean iragazkia aldatzeko, eta alanbrea ere badaukate sudur aldean ondo estutzeko”, dio Filibik.
Zabaleko Urdaibaiko Bingen Pino lehenengo aldiz parte hartzen ari da Busturiko udako nekazal azoketan. “Orain arte egoten ziren nekazari batzuk erretiroa hartu dute eta etortzea proposatu zidaten”, esan du Pinok. Martitzenetan, Mundakako plazan egoten da, eta orain irailera bitartean eguaztenetan Axpen eskainiko ditu bere produktuak. “Gogotsu” hasi direla dio. Gaurkoan tomateak, arraultzak, limoiak, tipula, letxugak… ekarri ditu Busturiara.
Arantza Ugalde Orbe, berriz, esperientziaduna da Busturiko udako nekazal azoketan. Gaur, azelgak, kalabazinak, piperrak, patatak, letxugak, limoiak… ditu aukeran, “azelga asko”. Ugalderen esanetan, “iaz, gure ortuan kalabazin asko egon ziren eta azelga gutxi, aurten, momentuz, alderantziz goaz”.
Lehenengo ordurako jendea bazebilen; “urtero datorren jendea da, gutxi gorabehera badakigu nortzuk diren etortzen direnak”, dio Ugaldek.