Bermeoko Udalak kultur jarduera ugari antolatu ditu uztaila eta abuzturako
Lehenengo jarduera biharko antolatu dute; 'Bohemian Rhapsody' filma ikusteko aukera egongo da, Goiko Plazan, 21:30ean.
Koronabirusak sortu duen osasun krisiak baldintzatutako uda izaten ari da aurtengoa. Hala ere, udako jaietan egingo direnak kontuan hartu gabe, Bermeoko Udalak kultur jarduera ugari antolatu ditu udaldirako. Horiek guztiak indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak kontutan hartuta egingo dituztela azaldu dute, “berme guztiekin”.
Adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte. Lehenengoa biharko antolatu dute; aire zabalean film bat ikusteko aukera edukiko dute herritarrek. Bihar Bohemian Rhapsody jarriko dute. Biharkoaz gain, beste bi saio egongo dira: uztailaren 24an, Amaren eskuak filma ikusteko aukera egongo da, eta abuztuaren 21an, berriz, El verano de mi vida. Saio hauek guztiak Goiko Plazan izango dira 21:30ean, eta sarrera doakoa izango da. 100 eserleku baino ez dira egongo. Udal arduradunek herritarrei eskatzen die aulkiak tokiz ez mugitzeko eta antolatzaileen aholkuak errespetatzeko. Andra Mari eta Santa Eufemia jaien baitan beste saio bat egongo dela aurreratu dute.
Martxoan egitekoa zen Liburu eta Disko Azoka ere datorren astean iritsiko da Lamerara, hilaren 14tik 19ra bitartean bisitatu ahalko da. Horretan, urtero legez, azken berritasunak aurkituko dituzte bertaratutakoek.
Uztailaren 15ean etxeko txikienen txanda izango da; Txangozatu ekimena antolatu dute. Hiru txoko jarriko dituztela azaldu dute, eta horietan txikienek magia ikuskizunak, ipuin kontalariak, zirkua… izango dituzte aukeran. 5 urtetik gorako umeek parte hartzeko aukera izango dute, eta 20 parte hartzaileko lau txanda antolatuko dituzte. Talde bakoitzak ordutegi zehatz bat izango du, eta txoko guztietan parte hartzeko aukera izango dute. Umeak Goiko Plazan elkartuko dira.
Aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa izango dela aipatu dute; uztailaren 13tik aurrera Gizarte eta Kultura Etxean egongo da horretarako aukera. Adin txikikoak arduradun bategaz joan beharko dute, eta talde txikiak egitea ere posible da; izan ere, pertsona bakoitzak, gehienez, 4 gonbidapen hartu ahalko ditu.
Musika Astea ere egingo dela azaldu dute. Egitarauaren berri aurrerago emango badute ere, abuztuaren 3tik 7ra izango dela aurreratu dute. Hortaz, herritarrek aurten ere “lehen mailako ikuskizunez disfrutatzeko aukera” izango dute.
Azkenik, abuztuaren 24tik 31ra BBK Artearen Ibilbidea erakusketa ibiltaria iritsiko da Bermeora. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako lanik onenen hautaketa bat ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Ekimenaren helburu nagusia da museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea.