Errigoitiko Udalak emakume baten aurkako erasoa salatu du
Azaldu dutenez, bikote ohiak emakumea erasotu zuen domekan; elkarretaratzea egingo dute gaur, 20:00etan, udaletxe aurrean
Emakume batek ustez bere bikote ohiarengandik jasandako erasoa salatu du Errigoitiko Udalak. Oharrean azaldu duenez, domekan gertatu zen eraso sexista, amak alaba aitaren etxetik hartu behar zuenean. Udalak salatu du emakumearen bikote ohiak sulfatadoraren likidoa bota ziola emakumeari aurpegira, eta eztarrian zein azalean zauriak sortu dizkiola. “Ez da emakumeak gizon horrengandik erasoa jasaten duen lehenengo aldia”, azpimarratu du udalak bere oharrean.
Horrelako jarreren aurka “zero tolerantzia eta zigorgabetasun jarerra” erakutsi behar dela esan du udalak oharrean, eta Sare Feministak eta Euskal Herriko emakumeon mundu martxagaz batera, elkarretaratzea deitu du gaurko. 20:00etan egingo dute protesta, udaletxe aurrean, eta Busturialdeko neska gaztiek taldeak ere bat egin du deialdiagaz.
Erasoa dela eta, gaitzespen eta sumindurarik handiena adierazi gura du Errigoitiko Udalak. “Emakumeen aurkako indarkeria, bere forma guztietan, emakumeen duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina” ere badela nabarmendu du. Gainera, gogorarazi du eraso sexistak eta sexualak gizartean eta eguneroko bizitzan gertatzen den indarkeria matxistaren beste isla bat direla, bai esparru publikoan bai pribatuan, eta, horregatik, emakumeekiko errespeturik gabeko edozein jokabide mota gaitzesten du, keinu eta jarrera sexistetatik hasi eta muturreko erasoetaraino.
Hala ere, azpimarratu du gaitzespenek ez dutela ezertarako balioko berdintasuna, prebentzioa eta heziketa barneratu ezean: “Errespetu gehiagorekin bakarrik lortuko dugu emakumeek eta neskatilek momentu guztietan eta tleku guztietan pairatzen dituzten indarkeria eta jarrera matxistekin amaitzea”.