Inoiz baino iluntze musikatu gehiago egongo dira Astran
Uztailak 1ean bueltatuko dira Astra Iluntzeak, eta irailaren 2ra arte entzungo dira doinuak kulturarako fabrika sozialean. Aurtengo kartela herriko hamasei eragileren artean osatu dute.
Bueltan daude Astra Iluntzeak. Azken urteetan bezala, eguazten iluntzeak bereziak izango dira Astran. Uztailaren 1ean hasita irailaren 2ra bitartean, kontzertu bana hartuko du kulturarako fabrika sozialak, eta musika izango da asteazkenetako protagonista 20:00etatik aurrera.
Azken hilabeteko lan gogorrari esker, aurtengo kartela hamasei eragileren artean osatu dute: “Astraren parte izaten jarraitu nahi dogun guztiontzako eskeintza bat egitera gatoz. Astra kultura da eta hutsa kulturarik gabe. Bizia emango diogu berriro ere. Bizitzeko plana aurkeztera gatoz. Inoiz baino indar gehiagorekin, inoiz baino asteazken gehiagotan”. Kultura txikiak duen garrantzia “inoiz baino gehiago presenteago” dutela azaldu zuten atzoko prentsaurrekoan, eta herriko eragileek horrekiko duten “ardura eta lotura” azpimarratu zuten.
Azken hilabeteetako egoera ez da erraza izan gizarteko hainbat sektore, norbanako zein eragilerentzako, eta balioan jarri dute “zailtasunak zailtasun” kultura alternatibatik etxeetara heltzeko egin den esfortsua: “Berakatz Zoparen bidez, Piztu Irratitik, zein Liliaden bidez komunikatu gara, izan gara komunitate. Astrako bizikideen artean ere, sekulako elkartasuna eta babes sarea osatu dogu eta etorri diren zailtasunei aurre egin diegu eragile zein norbanakoen konpromisoz”.
Astrako itzulera diseinatu dute: “Inoiz baino gehiago eta gogo gehiagorekin, Astrak bere baliabide guztiak eskeintzen ditu Gernikara aisialdi eta kultura alternatiborakoa eskeintzeko eta berriro ere, beti egin bezala herritik eta herriarentzat, eragileengandik herritarrongana eskeiniko dugu gure onena”.
Hori horrela, Moxal eta Aitor Etxebarria izango dira itzulera musikatuko duten lehenengoak. Cristina Narea ere bertaratuko da udalerrira, eta Liliadek hartuko dute uztailaren hirugarren eguaztena: Aitor Zarraga, Etxahun Lekue, Oihana Bartra eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan. Amaia Miranda gitarristak ere jantziko du Astra, eta uztailaren 29an iritsiko da Belatz talde gernikarraren txanda.
Abuztuan zehar, Bandana Azul, J. Martina, Lester ta Elisa, No name eta Sound Ryders Ska Reggae taldeak ariko dira kulturarako fabrika sozialeko terrazan, eta Myotones taldearena izango da azken iluntze musikala.
Kontzertu guztiak zuzenean ikusi ahalko dira Berakatzzopa.tv instragram kontuan.
Segurtasun neurriak. Astrako iluntzeak segurtasun eta protokolo neurriekin bueltatuko dira. Hori horrela, sarrerak aurretiaz erosi beharko dira Drogueria Amution, 3 eurotan –egunean bertan ere salgai egongo dira–. Sarrerak astez aste erosi ahalko dira, eta pertsona bakoitzak gehienez lau tiket erosi ahalko ditu.
Astrako terrazan gehienez 50 pertsona batu ahalko direla aurreratu dute, eta urtero legez, afaltzeko aukera egongo da.
“Guztion erantzukizuna izango da modu arduratsuan jokatzea. Gure aldetik, distantziak mantentzeko bitartekoak zein higienea mantentzeko beharrezko tresnak eskeiniko ditugu, baina bakoitzaren ardura izango da dena ondo atera dadin aletxoa jartzea”, jakinarazi dute antolatzaileek.